Segurtasunaren afera eta irtenbide integralen beharra
Segurtasuna da Donostiako azkenaldiko eztabaidagai ohikoenetako bat eta, sarritan, gazte migranteak, bereziki kale egoeran daudenak, jartzen dira jopuntuan. Martutenen, Herreran eta Egian azaleratu da problematika modu nabarmenenean, eta, hiru auzoetan, esku hartze polizialetik haragoko neurriak eskatzen ari dira hainbat eragile eta herritar: irtenbide integralak. Izan ere, segurtasunaren arazoa bezain erreala da pobreziarena eta gizarte baliabide faltarena.

Immigrazioa eta segurtasun falta. Bata bestearen ondoan jarri ohi diren bi kontzeptu dira, gazte migranteek, automatikoki, segurtasun falta sortuko balute bezala. Ordea, modu interesatuan, faktore garrantzitsuak omititu ohi dira ekuazioan: pobrezia eta gizarte bazterkeria. Eskuina eta ultraeskuina, eskuin eta ultraeskuin mediatikoaren laguntzaz, egoera hori kapitalizatzen ari dira, erreala den arazo bati irtenbide integrala eta integratzailea ematetik urrun, giza eskubideak alde batera utziz eta diskurtso arrazistei bide emanez, ezkerrak aferari aurre egiteko gaitasun edo ausardia gutxi erakusten duen bitartean. Pasatu berri diren Europako hauteskundeetan alderdi eskuindar gehienek planteatutako diskurtsoak eta ultraeskuinak erdietsi dituen emaitza kezkagarriak baino ez dira ikusi behar.
Donostia ez da arazo horrez libratzen. Kale egoeran dauden gazte migranteekin lan egiten duen Hiritarron Harrera Sareko Garazi Montuschiren arabera, 300 gazte migrante baino gehiago daude egoera horretan hirian, «gehienak, 25 urtetik beherakoak». Udalak 2022an egin zuen azken zenbaketa eta 220 etxegabe zenbatu zituen, nahiz eta udalak berak aitortu duen ezin duela datu zehatz bat eman, «datu oso aldakorra» delako. «Euren bizitza hobetzera datozen gazte hauen egoera oso muturrekoa da, ondoez handia sortzen da eta, tamalez, askotan, kontsumo arazoekin bukatzen dute. Hain tristea da, janari lapurretak egiten ari direla askotan; desesperazioak horrelako gauzak egitera eramaten zaitu», gaineratu du Montuschik.
Hain zuzen ere, asko dira pobreziak eta gizarte bazterkeriak delinkuentziara eraman dezakeela ondorioztatzen duten ikerketak. Maria Dolores Serrano Tarraga Zuzenbideko doktoreak, esaterako, honakoa ondorioztatu zuen 2014an Exclusión social y criminalidad ikerketan: «Pertsona askok bizi duten ‘gizarte bazterkeria’ delinkuentzia jokabide bat garatzearen jatorria izan daiteke, eta horregatik da garrantzitsua pertsona bat egoera horretara eramaten duten zergatiak aztertzea».

Kale egoeran dauden pertsonek okupatzen dituzten espazioak hormatu egiten dituzte sarritan, pertsona horiek berriz ere kalera bidaliz.Joseba Parron San Sebastian
Herreran, Martutenen eta Egian azaleratu da
Kale egoeran dauden pertsonak egotea arazo bat da bere horretan, gizartearen eta sistemaren gabeziak agerian uzten dituelako. Arazo bat da, halaber, egoera horrek sortu dezakeen eta batzuetan sortzen duen delinkuentzia, eta baita errealitate horretatik eta beldurra eta gorrotoa eragitea xede duten diskurtsoetatik eratorritako segurtasun faltaren sentipena ere. Arazo horiek, azkenaldian, hiru auzotan azaleratu dira, batez ere: Egian, Herreran eta Martutenen. Hiruetan, erantzun polizialetik harago, neurri sozialak eta «irtenbide integralak» eskatzen ari dira.
Asko dira pobreziak eta gizarte bazterkeriak delinkuentziara eraman dezakeela ondorioztatzen duten ikerketak
Egian, aspalditik dabil bolo-bolo segurtasunaren gaia, Blas de Otero plazaren inguruan gertatutako lapurreta eta bestelako erasoak eta diskurtso alarmistak direla medio. Izan ere, Norteko geltokia gertu egonda eta Tabakalera izanda kale egoeran dauden gazte migranteek denbora pasatzeko duten leku bakanetako bat, gazte ugari egoten dira egunero Blas de Otero plazan.
Bizilagun asko, ulergarria den moduan, kezkatuta eta haserre daude, sarritan azaleratu dutenez. Poliziaren presentzia nabarmena da auzoan, baina arazoak hor dirau eta diskurtso arrazistak zabaldu dira. Horren aurrean, hainbat egiatar Guztiontzako Egia auzotar sarean antolatu dira, gazte migranteen aurkako polizia indarkeria salatzeko, kale hezitzaile eta politika sozial gehiago eskatzeko eta elkarbizitza sustatzeko. Hainbat mobilizazio, aurkezpen eta tailer antolatu dituzte hilabeteotan, eta, besteak beste, Egiako, Herrerako eta Martuteneko eragileekin elkarlana abiatu dute, hiru auzoetan ematen ari den problematikari aurre egiteko.
Herreran, Herripe auzo elkarteko Jose Angel Butx Apaolazak, Xenki Berhok eta Aitor Iturraldek azaldu dutenez, joan den urtearen amaieran hasi zen segurtasunaren inguruko kezka areagotzen auzoan. Izan ere, auzoko pabiloi abandonatu batzuetan eta beste eremu batzuetan, kale egoeran dauden gazte migrante ugari bizitzen hasi ziren: «Antolin hartu zutenean [Antolin saltoki ezagunaren lokal ohia] nabarmendu zen egoera, auzoaren erdigunean baitago. Hasieran, auto lapurketak eta euren arteko kaleko liskarrak gertatzen hasi ziren. Ondoren, jendeari lapurreta txikiak egiten hasi ziren», azaldu du Berhok.
Horrela, iazko irailetik, harremanetan egon dira udaleko arduradun politikoekin zein Ertzaintzarekin, eta, apirilean, gaiaren inguruan hitz egiteko bilera irekia egin zuten kalean, 200 bat lagun bildu zituena: «Bi bide jorratzea erabaki genuen: elkarretaratze handiago bat egiteko lanketa abiatzea eta kale egoeran dauden pertsonek okupatutako espazioetara joatea eta beraiekin hitz egitea», nabarmendu du Berhok. «Zardoyan egon ginen [auzoko pabiloietako bat da], han bizi direnekin hitz egiten egon ginen denbora luzez eta ikusi genuen benetan zein den egoera hor barruan. Beltran Enean ere egon ginen [beste eraikin abandonatu bat da] eta ikusi genuen han beste profil bateko jendea dagoela, bestelako liskarrekin», gaineratu du.
Poliziaren presentzia nabarmena da auzoan, baina arazoak hor dirau eta diskurtso arrazistak zabaldu dira
Iturraldek nabarmendu duenez, hurbilketa egitea oso aberasgarria izan da: «Kolektibo hauek homogeneizatzera jotzen dugu, baina oso egoera desberdinak daude: badago jendea ikasketak egiten ari dena baina ez daukana bizitzeko beste lekurik, eta badago elkarbizitzarako borondaterik agertzen ez duen jendea, galdu duelako itxaropena. Egoera horren desberdinak izanda, ezin dira planteatu irtenbide berdinak denentzako». Hurbilketak, kale egoeran daudenen egoera ezagutzeko ez ezik, auzoko «komunitatean integratuta dauden magrebtarrekin harremana handitzeko» ere balio izan diela gehitu du Berhok, eta eremu horietan bizi diren gazteentzat ere aberasgarria izan dela «ikustea badagoela oztopo guztiak gainditzea eta bizimodua ateratzea lortu duen jatorri magrebtarreko jendea auzoan».
Maiatzean, Ertzaintzak Antolin hustu zuen, eta Butxek dioenez, egoera pixka bat lasaitu da ordutik, «baina ezin da jakin horrek noiz arte iraungo duen, kale egoeran dauden pertsonak baitaude inguruko eraikin abandonatuetan bizitzen eta egoerak edozein momentutan egin dezake eztanda». Herripekoek diotenez, irailetik oso nabarmena zen Poliziaren presentzia ere gutxitu egin da ordutik. «Polizia ugari ikusten hasi ginen auzoan, eta gure artean komentatzen genuen, horretarako badaudela baliabideak, baina, aldiz, gizarte baliabideak falta direla salatzen dute etengabe eragile ugarik, besteak beste», nabarmendu du Iturraldek. Ildo horretatik, maiatzaren 30ean, beste kale topaketa jendetsu bat egin zuten Herreran, auzotarrak egoeraren inguruan informatzeko eta, batez ere, erakundeei «irtenbide integralak» eskatzeko.

Martutenen, bizilagun batek pairatutako eraso larria salatzeko eta irtenbide integralak eskatzeko elkarretaratu ziren maiatzean.Olatz Balda
Martutenen, Sarroeta auzo elkarteko Maite Barronek eta Laida Etxeberriak azaldu dutenez, auzoko bizilagunak «iazko udan» hasi ziren salatzen «lapurreta batzuk gertatzen ari zirela»: «Segurtasun faltaren sentipena zabaltzen hasi zen auzoan, eta manifestazio bat egin zen», azaldu du Barronek. Hilabete batzuk «nahiko lasai» pasatu zituzten, baina «azken hilabeteotan, furgonetetan lapurretak gertatzen hasi dira, saltokietan… Eta, duela aste batzuk, etxeetan sartzen hasi ziren, jendea etxe barruan zegoen bitartean». Hain zuzen ere, maiatzaren 22an, eraso bereziki larri bat gertatu zen auzoan, adineko pertsona baten etxean sartu baitziren lapurtzera, eta, lapurtzeaz gain, jipoitu egin zuten.
Herreran gertatzen den moduan, abandonatutako zenbait eraikin handi daude Martutenen, eta han bizitzen ari dira kale egoeran dauden gazte migrante ugari. Etxeberriak deitoratu duenez, eurengan jarri da fokua: «Delinkuentziak gora egiten duenean, lapurreta batzuen kasuan badakigunez nortzuk izan diren, gertakari guztien fokua arraza jakin baten gainean jartzen da. Orduan, bi arazo ditugu: delinkuentzia eta arrazakeria». Ildo horretatik, gogorarazi dute oraindik ez dela argitu aipaturiko eraso larria nork egin zuen. «Badakigu, Ertzaintzak esan digulako, etxe horietan bizi direla lapurreta delituak dituztenetako batzuk. Eta badakigu, baita ere, ez direla denak, asko ikasketak egiten eta bizimodua ateratzen saiatzen ari direla. Horregatik, tentuz ibili nahi dugu. Gu ari gara saiatzen gauzak salatzen, baina kolektibo oso bat salatu gabe. Ordea, erasoak jasan ditugu, jende batek ez duelako gure diskurtsoa onartzen», azaldu du Barronek.

Sarroeta auzo elkarteko hiru kide. Erreportaje honetan Laida Etxeberriak (ezkerrrean) eta Maite Barronek (eskuinean) hartu dute parte.Beñat Parra
Era berean, auzo elkartekoak nabarmendu du arazoa ez dela eraikinak okupatzea bere horretan: «Arazoa da muturreko pobrezia egoeran eta ezer galtzeko ez duen jendea pilatzea etxe horietan, migrazio prozesu oso gogorrak bizi dituztenak. Izan ere, halako egoeretan eta eraikin batean pilatuta, arazoak ematen dira elkarbizitzan».
Horrela, auzo elkarteak deituta, elkarretaratze jendetsua egin zuten maiatzaren 30ean auzoan, erasoaren biktimari elkartasuna adierazteko eta erakunde publikoei eskatzeko auziari «irtenbide integrala» emateko politikak garatu ditzatela.
Irtenbide integralak
Hiru auzoetan Poliziaren presentzia areagotu da —Egian eta Herreran, halaber, komisaria berri bana eraikitzeko asmoa agertu du udalak—, baina, aldiz, arazoa ez da konpondu. Are gehiago, sarritan, kontrakoa gertatzen dela dio Montuschik: «Pertsona hauek Poliziaren partetik jasotzen duten tratua, askotan, gizagabea da: identifikazio eta miaketa etengabe eta arbitrarioak, gauzak arrazoirik gabe kentzea, tratu txarrak… Horrek dakar kolektibo hori estigmatizatzea. Azkenean, etengabe ikusten duzunez jatorri migratzaileko gazteak identifikatzen eta miatzen dituztela, delinkuentziarekin lotzen dituzu, baina aldi berean kalean ikusten dituzunez, segurtasun falta sentitzen duzu». Horregatik, «irtenbide integralak» eskatzen ari dira hiru auzoetan.
Baina, zer esan nahi da «irtenbide integrala» esaten denean? Montuschik argi dio: «Lehenik, baliabide sozial gehiago jartzea, urgentziaz. Eta, gero, auzoetan zein hirian aztertzea zein den egoera, lanketa egitea eta harrera politikak garatzea. Horrek ez du arazoa ehuneko ehunean konponduko, beti egongo delako jarrera txarra duen jendea, eta horri aurre egiteko daude Polizia eta epaileak, baina beste guztia saihestu daiteke. Gazte askorekin ikusten dugu hori: euren egoera pixka bat hobetzen denean, gehiengoak, bere bizimodua aldatzen du, itxaropena eta babesa duelako».
Egian, Herreran eta Martutenen, erantzun polizialetik harago, neurri sozialak eta «irtenbide integralak» eskatzen ari dira
Etxeberriaren aburuz, hiru zutabe izan beharko lituzke irtenbide integralak: «Alde batetik, prebentzioa: eraikin abandonatuak ez edukitzea, argiztapen eta irisgarritasun egokia edukitzea, eta abar. Bestetik, esku hartzea: ez dakigu zenbat pertsona dauden eraikin horietan, zein egoeratan bizi diren, zer polizia historia duten, eta abar. Azkenik, inbertsioa eskatzen dugu, gizarte zerbitzuetan eta politika sozialetan». Eraikin abandonatuei dagokienez, Herrera zein Martutene auzo periferikoetan oso presente dagoen arazoa da, bizilagunek urteak baitaramatzate eraikin horiek auzoen beharrei erantzuteko erabili ditzatela aldarrikatzen. Neurri sozialetara itzuliz, Etxeberriak honakoa gehitu du: «Nik gogoratzen dut 1990eko hamarkadan jonki asko zeudela bazterkeria egoeran, eta inbertsio handiak egin zirela desintoxikazio zentroetan eta bestelakoetan. Ijitoak ere bizi ziren periferietan baztertuta, baina eskolaratze eta elkarbizitzarako esku hartzeak egin ziren, eta, pixkanaka, auzoetan integratzen joan ziren».
Poliziak behar batzuei erantzun diezaiekela mahaigaineratu du Berhok, baina ez dela irtenbidea: «Eskuin eskua ere behar da batzuetan, eta pertsona bat baldin badago lapurretak egiten eta beldurra eragiten, hor zerbait egin behar da. Baina, administrazioak soilik zentzu horretan hartu ditu neurriak, eta horrek eraman du gaia orokortzera, immigrazio guztia zaku berean sartzera eta diskurtso xenofoboak ugaritzera». Halaber, elkarrizketatu guztiek argi dute gazteak leku jakin batetik botatzeak arazoa beste leku batera eramango duela, baina ez duela benetan konponduko.
Hain justu, neurri sozialak polizialak baino eraginkorragoak direla ondorioztatu dute ikertzaile eta autore askok. Serranok, esaterako, honakoa zioen bere ikerketako ondorioetan: «Gizarte bazterkeria egoerak konpontzeko eta prebenitzeko eta, aldi berean, delinkuentzia prebenitzeko, egokiena gizarte politikako neurriak sortzea eta aplikatzea da».

Egian, polizia indarkeria salatzeko eta neurri sozialak eskatzeko elkarretaratu ziren maiatzean.Guztiontzako Egia
Zer eskaintzen du udalak?
Hedabide hau udalarekin harremanetan jarri da, Mariaje Idoeta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia elkarrizketatzeko, problematika honen inguruan hitz egin, udalaren ikuspegia jaso eta zer neurri aurreikusten dituen azaltzeko. Ordea, udaletik jaso duen erantzuna izan da gaiaren inguruan lan egiten ari direla, baina ez daukatela «ezer esateko». Hala ere, udalak gizarte zerbitzuen datuak helarazi ditu: «Udalak 3.241.680 euro bideratu zituen 2023an kale egoeran dauden pertsonen arretarako. Donostiak bere gain hartzen du lurraldeko aterpetxeen eta gaueko harrera zentroen %74,71 (Donostiako biztanleak lurraldeko %26,25 dira)».
Zehazki, udalak emandako datuen arabera, Abegi Etxeak 40 pertsonarentzako eta hiru familiarentzako lekua dauka —hiru hilean behin, bost gau pasatu ditzakete etxegabeek, Montuschik salatu duenez—, Gaueko Aterpeak 38 plaza ditu (22 iraunkor eta larrialdietarako hamasei), iraupen laburreko egonaldia behar dutenentzako 32 harrera etxebizitza ditu udalak eta Hestia eguneko zentroa ere badauka. Halaber, La Sirenako neguko aterpetxea dauka udalak Igeldoko igoeran, 100 plazarekin, soilik izozte arriskua dagoenean irekitzen dena —negu honetan, soilik bi gauez ireki dute, Montuschiren arabera—. Horrez gain, kale egoeran dauden pertsonei bazkariak eskaintzeko Otorduak programa dauka udalak, egunean 65 bazkari eskaintzen dituena —afaltzeko ogitarteko bat ere ematen diete—, eta baita arazo sozioekonomikoak dituztenentzako zenbait diru laguntza ere.
Donostian kale egoeran 300dik gora gazte migrante egonda, ordea, agerikoa da zerbitzu horiek ez dituztela beharrak asetzen, Montuschik nabarmendu duenez: «Ez dago gosaltzeko zerbitzu publikorik, Jatorkin elkarteak astean zehar bazkarietarako eskaintzen zuen zerbitzua itxita dago une honetan eta afaltzeko, gaur egun, Donostiako herritarrek banatzen ditugu egunero 250 bat afari, Kaleko Afari Solidarioak egitasmoaren barruan. Udalak eskaintzen du Otorduak programa, errolda soziala hilabete batzuk hirian pasatu ondoren, astean behin dutxatzeko txartela bat eta hilean behin arropa garbitzeko txartela bat».
Fokua pobreetan jartzeak ez du arazoa konponduko; bai, ordea, fokua pobrezian jartzeak
Horri guztiari, gainera, Atzerritarren Legeak migratzaileei euren egoera erregularizatzeko sortzen dizkien zailtasun etengabeak eta aldundiaren laguntzetara iritsi arte eman behar dituzten pauso pisutsuak eta prozesu luzea gehitu behar zaio: «Iristen direnean, lehenengo urte eta erdian edo bi urteetan, kalea dago, ez dago beste ezer. Eta horrek desesperaziora eramaten ditu».
Baliabide gehiago behar dira, baina, horretaz hitz egiten denean, «erakartze efektuaz» hitz egin ohi da esparru batzuetatik, neurri sozial gehiago aplikatzeak immigrazioa handituko duelakoan edo kale egoeran dauden pertsonak leku jakin batera erakarriko dituelakoan. Aldiz, ez da egia, ikerketa askok frogatu dutenez, hala nola, Herriaren Defendatzailearen 2019ko txostenak: «Migrazioa nabarmen aldatu da Espainian, ziklo ekonomikoari lotutako dinamikari jarraiki, eta aldi horretan bertan, ez da aldaketa aipagarri onik izan Espainiako ongizate estatuaren prestazioen esparruan».
Gizarte baliabide gehiago jartzea udalaren ardura da, baina baita gainontzeko erakunde publikoena ere. Hala ere, udalak gehiago egin dezakeela uste du Montuschik, eta Herrerakoek zein Martutenekoek diote nabaritu dutela diskurtso aldaketa bat: «Udalaren diskurtsoa, hasieratik, izan zen arazoa segurtasun arazo gisa enfokatzea. Hori Ertzaintzak ere ez zuen egin. Orain, badirudi diskurtsoa pixka bat aldatu dela, baina hori baliabideekin etorri behar da», nabarmendu du Butxek. «Udaletik esan digute aurreikusita zutela Gizagune proiektuarekin esku hartzeak egitea Martutenen, Egian eta Herreran, udaleko Gizarte Zerbitzuen parte hartzearekin. Asko gustatu zaigu proposamena, fokua elkarbizitzan jarri dutelako. Ikusiko dugu zer emaitza ematen dituen, baina aukera ona dela uste dugu», gehitu du Barronek.

Kaleko Afari Solidarioak egitasmoko hainbat kide, Parte Zaharrean afariak banatzen.Joseba Parron San Sebastian
Arazo konplexua, irtenbide konplexua
Kale egoeran dauden gazte migranteekin lotzen den segurtasun faltaren arazoa erreala da, baina fokua pobreetan jartzeak ez du arazoa konponduko; bai, ordea, fokua pobrezian jartzeak: «Kale egoeran dagoen jenderik egongo ez balitz, argi dago ez lituzketela eraikin degradatuak okupatuko eta ez liratekeela arazo hauek sortuko», nabarmendu du Barronek.
Ez da onargarria herritarrek lapurretak, mehatxuak, irainak edo edozein motatako erasoak pairatzea; salatu behar da eta, beharrezkoa denean, Poliziak esku hartu behar du. Baina, era berean, ez da onargarria diskurtso arrazistak zabaltzea, ezta Poliziak gehiegikeriak egitea ere. Eta, batez ere, ez da onargarria jendea kalean egotea. Horren guztiaren aurrean, erreportaje honetan aipaturiko eragileak eta beste hainbat ari dira bidea markatzen: giza eskubideetan oinarritutako elkarbizitza. Izan ere, Montuschik nabarmendu duen moduan, gazte migranteak «gure bizilagunak dira».