EH Bilduk dio kuartelen salerosketa hitzarmena hobea dela Defentsa Ministerioarentzat
Loiolako kuartelen lursailaren etorkizunarekin kezkatuta agertu dira Juan Karlos Izagirre eta Ricardo Burutaran EH Bilduko ordezkariak. Batez ere, Espainiako Gobernuaren Kostaldeko zuzendaritzak ezarritako baldintzarekin; etxebizitzak eraikitzeko ehun metroko gutxieneko mugatze lerroa betetzea. Hori dela eta, Eneko Goia alkatearen presazko agerraldia eskatu zuen udal taldeak, eta Goiak azalpenak eman ditu gaurko Lurralde Garapen eta Plangintzarako batzordean.
Alkatearen agerraldia eskertzearekin batera, Izagirrek eta Burutaranek nabarmendu dute salerosketaren akordioa hobea dela Defentsa Ministerioarentzat, eta ez hainbeste Donostiako Udalarentzat. Bozeramaileak aitortu du harrituta geratu dela alkateak eta PSE-EEko zinegotziek aferaren aurrean duten “konfiantzarekin”. Alegia, Kostaldeko zuzendaritzak udalaren eskaera aintzat hartuko duela; gutxieneko mugatze lerroa hogei metrokoa izatea.
“Hirigintza operazio honen dimentsioa eta garrantzia kontuan hartuta, guretzat ez da konfiantza kontua, baizik eta hala izango denaren bermea eta ziurtasuna izatea. Hori akordioan bertan jaso behar zen, 2023ko abenduaren 18an sinatu zenean. Orain, alkateak dio ez dela salerosketaren eskriturarik egingo harik eta Kostaldeko zuzendaritzak zehazten duen arte mugaketa lerroak ibaitik hogei metrora egon behar duela eta ez ehun metrora”, azaldu du Izagirrek.
Hain zuzen ere, bihar iraungiko da legez ezarritako sei hilabeteko epea eskriturak udalaren eskuetara pasa eta ordaindu beharreko 64 milioi euroak ordaintzeko. Dena dela, EH Bilduk uste du aurreikusitako bi hilabeteko luzapena aplikatuko dela aipaturiko afera argitu ahal izateko.
Defentsa Ministerioaren alde
Burutaranek sinaturiko akordioak onarturiko klausulen inguruko xehetasunak eman ditu. “Hitzarmenaren baldintzak Defentsa Ministerioaren aldekoak dira. Aldaketak aldaketa, diru berbera edo gehiago irabaziko lukete. Lursailean etxe gutxiago eraikitzen badira, udalak prezio bera ordainduko du. Aldiz, etorkizunean etxebizitza gehiago eraiki nahiko balitu, estatuari diru gehiago ordaindu beharko lioke”, azaldu du zinegotziak. Gainera, hirigintza plana baliogabetuko lukeen epai irmo baten kasuan ere, udalak ez luke ordaindutako zenbatekoa berreskuratuko. Guztira, 73,3 milioi euro.
Loiolako kuartelen lursailean eraikitzea aurreikusten diren etxebizitza babestuak “legezko gutxienekora mugatzen” direla kritikatu du Burutaranek: “Guk behin baino gehiagotan kritikatu dugu portzentaje hori, ez delako nahikoa, jabetza publikoko lursail bati buruz ari garelako, eta etxebizitza publikoen portzentaje handiagoak salerosketa eragiketan prezio txikiagoa zekarrelako”.