Poliziaren aurrean jolasak, arrazakeriari aurre egiteko
Guztiontzako Egiak antolatuta, Munduko Jolasak antolatu zituzten joan den ostiralean. Jatorri ezberdinetako herritarrek, kultura ezberdinetan egiten diren jolasekin hartu zuten Blas de Otero plaza, Ertzaintzaren begira harrituaren aurrean.
Guztiontzako Egia auzotar sareak, hilabeteak daramatza auzoan lanean, “handituz doan” diskurtso arrazistarekin eta indarkeria Polizialarekin kezkatuta. “Segurtasun falta aitzaki, kale egoeran dauden migranteak jazarri egiten ditu Poliziak, intseguritate sentsazioa handituz”.
Kolektiboaren ustez, arrazakeria gora egiten ari da, eta “kolektibo zehatz batzuen inguruan estigma ugari zabaltzen ari dira”. Horri aurre egiteko antolatu zituzten Munduko Jolasak, arrazakeriaren aurren “elkar ezagutza falta dagoela” sinistuta. Kale egoeran dauden migranteek, eta auzoan bizi diren jatorri ezberdinetako auzokideek, jolasen bidez une atsegin bat igarotzeaz gain, erakutsi zuten beharrezkoa dela “alarmismoaren” aurrean erakustea, azken finean, “denok garela bizilagunak, eta elkarbizitza eta elkarlaguntza sustatu” behar direla.
Segurtasunari lotuta, Guztiontzako Egiak eztabaida birbideratu behar dela aldarrikatu izan du: “Gure iritziz segurtasun ezaren ordez, langabezia, etxebizitza falta, prezioen igoera edo arrazakeria estrukturalaren inguruan hitz egin beharko genuke. Izan ere, segurtasunaz ari garenean zeinen segurtasunaz ari gara?”. Herreran eta Martutenen ere, antzeko egoerekin kezkatuta ari dira antolatzen bizilagunak, Beñat Parrak egindako erreportaje zabal honetan jasotzen denez.
“Gure kaleetan poliziaren presentzia gero eta nabarmenagoa izanik ere, uste dugu Egia seguru bat zaintza sare kolektiboak eta elkarbizitzaren indartzeak ekarriko duela”, zioten Guztiontzako Egia auzotar sareak haien sorreran. Eta, horretarako, lehen urratsa da egunero-egunero deshumanizatzen dituzten pertsona horiei aurpegia eta izena jartzea. Batzuei ahaztu egiten zaien arren, denok garelako pertsonak, eskubide berberak eduki beharko genituzkeen pertsonak.