Donostiarren eta udalaren arteko harreman digitala erraztea du helburu
Donostia Eskura aplikazioa aurkeztu du Donostiako Udalak, udal tramiteak eta hiritarren postontzia sakelako telefonoarekin egiteko.
Donostiako Udalak Donostia Eskura aplikazioa aurkeztu du, donostiarrek udalarekiko duten harreman digitala hobetzeko eta errazteko asmoarekin. Eneko Goia alkateak eta Ana Lopez Gobernantzako zinegotziak egin dute aplikazioaren aurkezpena udaletxeko prentsa aretoan.
Alkatearen arabera, B@KQ ziurtagiri digitala duten donostiar guztiek udalarekin zuzenean eta modu erosoan harremanetan jarri ahal izango dira. “Aurrerapausoa eman dugu duela urte batzuk hasi genuen udal administrazioaren berrikuntza digitalean. Helburua da donostiarrek egunero egin behar dituzten udal tramiteak erraztea. Orain arte, udal webgunearen bidez edo Udalinfoko bulegoetan egin behar ziren tramiteak. Gaurtik aurrera, sakelako telefonoak udalarekin harreman zuzena izateko tresna bilakatuko dira, modu erosoan eta edozein tokitik”, azaldu du Goiak.
Donostiarrek egin ahal izango dituzten tramiteak Lopezek zehaztu ditu: “Komunikazio gune berri honetara sartzen diren hiritarrek Nire Karpeta atalean sartu ahal izango dira tramiteak hasi edota irekitakoen egoera ikusteko, baita Hiritarren Postontzira ere, eta bertatik udalari aipamenak, kexak eta iradokizunak egin ahal izango dituzte”.
Nire Karpeta atalean, ordenagailuan egin daitekeen modu berean, erabiltzaileek giltza digitala erabilita ordainagirien helbideratzeak, ordainketak eta udalarekin egiteke dituzten eragiketen egoera egiaztatu ahal izango dituzte. Halaber, erabiltzailea Etxegintzan izena emanda badago, etxebizitza eskaera datuak eta baremazio zerrendan duen egoera ikusi ahal izango ditu, eta udal lan poltsetan izena emanda badago, egoera kontsultatu ahal izango du.
Bestalde, Hiritarren Postontzia atalean, udalaren kudeaketari buruzko aipamenak, kexak eta iradokizunak egiteaz gain, erabiltzaileek bidalitako mezuen egoera ikusi ahal izango dute. Bi ataletan aplikazioa deskargatzen duten pertsonek hainbat alerta konfiguratu ahal izango dituzte, irekita dituzten prozesuei buruzko mezu zuzenak jasotzeko.
Zerbitzuen informazioa
Aplikazio berriak zerbitzu publikoen informazioen gaineko alertak jasotzeko aukera emango du. Beraz, erabiltzaileek aukera izango dute sakelako telefonoan zuzeneko alertak jasotzeko, eta beraz zuzenean zirkulazio mozketen (lanak, kirol probak…, direla-eta), ur mozketen, Babes Zibilak egiten dituen abisuen, udal zerga eta tasen ordainketen edota radar mugikorraren kokapenaren berri izango dute.
Aplikazioa Android eta ISO sistemetarako eskuragarri dago, DonostiatTIK udal sozietateak garatu du, eta Next Generation Funtsek finantziatu dute %100ean. 72.000 euroko inbertsioa egin du udalak APP berria sortzeko.
B@KQ ziurtagiri digitala
Donostia Eskura aplikazioaren profil personalean sartzeko (Nire Karpeta), eta eragiketak egiteko ezinbestekoa da B@KQ ziurtagiri digitala izatea. Bestelako aukera batzuetarako (herritarron postontzia edota jakinarazpenak) nahikoa izango da datu basikoekin izen ematea. Aipatutako ziurtagiria duten eta dagoeneko ordenagailu bidez tramiteak egiten dituzten hiritarrek, erabiltzailea eta gakoa sartu beharko dute aplikazioa erabiltzeko.
Ziurtagiria ez duten hiritarrek, doan atera dezakete Udalinfoko bulegoetan. Gainera, ziurtagiria aplikazioa edota udal webgunean tramiteak egiteko erabiltzeaz gain, Eusko Jaurlaritzarekin edo Foru Aldundiarekin harreman digitala izateko ere balio du.
Adimen artifiziala eta publizitate kanpaina
Donostia Eskura herritarren artean ezagutzera emateko, udalak komunikazio eta publizitate kanpaina jarri du martxan. Bostnan komunikazio enpresak egindako kanpainan erabilitako irudiak adimen artifizialaren laguntzaz sortuak dira.