'Festetan ere aske, Indarkeria sexistarik ez!' kanpaina aurkeztu du udalak
Hilaren 23an abiatuko dute kanpaina, San Joan jaietan, tabernetan materiala banatuz eta Kursaaleko zubian informazio puntu bat jarriz.
Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak eraso sexisten eta indarkeria matxistaren aurkako udako kanpaina prestatu du, udan egiten diren jaiei begira. Festetan ere aske, Indarkeria sexistarik ez! da aukeratu duten leloa. Kanpainaren xehetasunak eman dituzte gaur goizeko agerraldian Cristina Lage Berdintasun zinegotziak eta Ana Txurruka Berdintasun Saileko teknikariak.
Hilaren 23an abiatuko dute kanpaina, San Joan jaietan, tabernetan materiala banatuz eta informazio puntu bat jarriz Kursaaleko zubian. Kanpainak jarraipena izango du hiriko beste hainbat jaietan: Jazzaldian (puntu bat Kursaaleko zubian), Karmengo jaietan (puntu bat kaian), Groseko Zipotz jaietan (puntu bat Katalunia plazan), Aste Nagusian (puntu bat Bulebarreko kioskoan), Euskal Jaietan, estropadetako igandeetan barne (puntu bat Bulebarreko kioskoan), Egiako Porrontxo jaietan (puntu bat Karmengo Ama kalean) eta abenduaren 21ean, San Tomas egunean (puntu bat Bulebarreko kioskoan).
“Hiriak indarkeria sexista mota guztiak arbuiatzen dituela ikusarazi nahi dugu, eta, horrekin batera, herritarrak sentsibilizatu nahi ditugu, errespetutsuak izateaz gain, edozein eraso sexista salatu behar dela jabetu daitezen, isildu beharrean”, adierazi du Lagek. Azken urteotan egin moduan, Bulebarren puntu more bat jarriko dutela gaineratu du: “Prentsa kioskoan jarriko dugu, eta indarkeria matxistari buruzko informazioa, prebentzioa eta arreta emateko leku bat izango da. Batez ere, garaiotan egingo diren jai guztietan erabilgarri izango dena”.
Txurrukak nabarmendu duenez, puntu horretan, indarkeria eta portaera matxistekiko jendeak duen sentsibilizazioa areagotuko dute: “Botere eta menderatze jarraibideak eta harremanak prebenitzeko beharraz ohartaraziko da, errespetuan oinarritutako harreman afektibo sexualak sustatuko dira eta, jaietan indarkeria sexistako kasurik gertatuz gero, erantzuna emango zaie”.
Udan bisitari asko etortzen dira hirian egun batzuk pasatzera. Horregatik, turistak maiz bisitatzen dituzten eremuetan ere egingo dute kanpaina; hala nola, tabernak eta hondartzetako kabina kolektiboak, turistentzako ostatuak eta ostalaritzako lokalak.
Materiala
Kanpainari ikusgarritasuna emateko, 2.000 liburuxka jarri dira eskuragarri, euskaraz eta gaztelaniaz, mutilentzat; beste 2.000, neskentzat; 500 liburuxka frantsesez eta ingelesez, mutilentzat; beste 500 liburuxka frantsesez eta ingelesez, neskentzat; 10.000 liburuxka, euskaraz eta gaztelaniaz, herritar guztientzat, eta beste 2.000 gehiago, frantsesez eta ingelesez.
Horrekin batera, 10.000 txapa atera dira, kanpainaren leloarekin; 12.500 eskumuturreko luminiszente; 10.000 pegatina; 2.500 zapi, 6.000 ihalezko poltsa eta 1.000 jarduketa protokolo, ostalaritza lokaletan banatuko direnak.