Gazteak Parte Zaharreko egoerarekin larrituta: «Ezin badugu Donostian euskaraz egin, non egingo dugu?»
Donostiako Euskal Herrian Euskaraz taldeak bideo-esperimentu bat egin du, Parte Zaharrean euskaraz bizitzeko dauden zailtasunak agerian utziz.
Donostiako Euskal Herrian Euskaraz taldeak bideo-esperimentu bat egin du, Parte Zaharrean euskaraz bizitzeko dauden zailtasunak agerian utziz.
Sareetan zabaldutako bideoan adierazten dutenez, hiriaren turistifikazio eredu honek, eragin zuzena dauka paisaia linguistikoan: “Kanpotarrei begirako hiri ereduaren eraikuntza dakar, eta honek, ergain zuzena dauka bertako euskaldunongan”. Gazte euskaltzaleen ustez, honakoa, “donostiarrok egunero bizi dugun arazoa da”.
Bideoan, hainbat taberna eta komertzioetara sartzen dira euskaraz eskatuz, eta argi azaltzen denez, establezimendu askotan ez diete ulertu ere egiten. Beste askotan, ulertu arren, gazteleraz erantzuten diete. Egoera honekin larrituta, ondorengo galdera bota dute gazteek: “Azken finean, ezin badugu Donostian euskaraz egin, non egingo dugu?”.
Alde Zaharretik ibili gara ea euskaraz artatzen gaituzten ikusteko, emaitza hemen:
— EHE Donostia (@EHEDonostia) June 17, 2024
Donostian ezin badugu euskaraz bizi, non⁉️ pic.twitter.com/afg5QQz322
160.154 pertsona egunean, Parte Zaharrean, abuztuan
Donostia Sustapenak martxan duen ‘Smart Kalea’ sistemak pertsonen eguneroko zenbaketa-datuak erregistratzen ditu 2018tik. Horren bidez, Parte Zaharrak azken sei urteetan izan duen bilakaera egiazta daiteke. El Diario Vasco-ri erraztu zizkieten datuen azterketa batek erakusten duenaren arabera, 2023an erregistratu zen eguneko batez besteko jendetzarik handiena, 93.508 pertsona egunean, eta zifra horrek apur bat gainditzen ditu 2019an, pandemiaren aurreko urtean, zenbatu ziren eguneko 92.447 oinezkoak.
Datuak 2018tik alderatuz gero, egiazta daiteke jende gehien biltzen den egunak, egun batean 200.000 pertsona baino gehiago biltzen dituztenak, igo egin direla azken urtean, eta batez ere abuztuan kontzentratzen direla. Hilabeteei dagokienez, abuztua da argi eta garbi pertsona gehien dituen hilabetea, 2023an eguneko batez bestekoa 160.154 pertsonakoa izan baitzen, ondoren uztaila (131.802) eta iraila (99.291).
Euskararen erabilera Donostian
Soziolinguistika Klusterrak bost urtean behin egiten du euskararen kale erabileraren neurketa. Azkena duela hiru urteko udazkenean egin zuten, eta emaitzek diotenez, azterketa egin zuten unean, hiriburu guztien artean, Donostian entzun zituzten euskarazko elkarrizketa gehien (%15,3).Ehunekoei dagokienez, hiriburu euskaldunena Donostia dela esan daiteke, baina datuak baxua izaten jarraitzen du.
Donostiako euskararen kale erabileraren datuei erreparatzean, lehen begi kolpean ikus dezakegun argazki garbia honakoa da: kaleko elkarrizketetan, 100 lagunetik 15 ari ziren euskaraz (proportzioan, %15,3). Euskal Herriko gainerako hiriburuetan euskararen erabilera %2,5 eta %4 artean dago, beraz, Donostia da hiribururik euskaldunena, ehunekoetan behintzat.
Auzoetako argazkia
Soziolinguistika Klusterraren ikerketako neurtzaileek Igeldoko kaleetan entzun dute euskara gehien (%74,9), jarraian Añorgan (%42,2), ondoren Parte Zaharrean (%19,4) eta, laugarren lekuan Antigua legoke (%18). Eta nabarmentzekoa da, eta aurreko ikerketan ere gertatu izan da, Altzan entzuten dela euskara gutxien (%4,5).
Edonola, turismoaren ondorioz, Donostiako erdigunean, eta bereziki Erdialdean, Grosen eta Parte Zaharrean, komertzio eredua erabat aldatu da, eta batez ere tabernetan, tradizioz, euskarak presentzia nabarmena izan bazuen ere, azken urteotan zeharo aldatu da egoera.
Donostiako Udalak, ostalaritza elkarteek eta euskara elkarteek hainbat dinamika abiatu dituzte euskararen normalizazioari begira, baina taberna hauen negozio ereduak eta duten behin-behinekotasun tasa handiak, zaildu egiten du urrats efektiboak ematea.