«Kostaldeko zuzendaritzak aldeko ebazpena ematea espero dugu»
Eneko Goia alkateak berretsi duenez, Loiolako kuartelen lursailean eraiki nahi dituzten etxebizitzen eta ibaiaren arteko muga hogei metrokoa izan beharko luke.
1988ko Espainiako Kostaldeko legeak Loiolako kuartelei ezarritako salbuespena mantentzea du helburu Donostiako Udalak. Horregatik, alegazioak prestatu eta datozen egunetan helaraziko dizkiote Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren Kostaldeko zuzendaritzari. “Kuartelek salbuespen bat zuten mugatze lerroari dagokionez; lursailaren eta azpiegituren arteko muga hogei metrokoa zen”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Dena dela, Loiolako kuartelen lursailaren izaera aldatu egin da. “Azpiegitura izateari utzi dio, eta salbuespen egoera hori kendu dio eremuari Kostaldeko zuzendaritzak. Horrela ere, eremu hori urbanoa 1962. urtetik, eta horregatik hogei metroko tartea jartzea dagokio. Ura Agentzia, Donostiako Udala eta Defentsa Ministerioa bat gatoz, ezarri behar den mugatze lerroarekin”, nabarmendu du Goiak.
Alegazioak aurkeztuta, erantzunaren zain geratuko da udala. “Kostaldeko zuzendaritzak aldeko ebazpena ematea espero dugu, legeak aurreikusten duena delako”, esan du alkateak.