56 langileri eragingo dio Cementos Rezolaren lan erregulaziorako espedienteak
Lan erregulaziorako espediente bat abiatu nahi du Heidelberg Materials enpresak, Cementos Rezolaren jabeak, Añorgako lantegian. Atzo, enpresako zuzendaritzak bilera batera deitu zituen 56 langile espedientearen mahaia osatzeko. Harturiko erabakia “aitzakia bat” dela dio enpresa batzordeak, “enpresak deskarbonizazioa erabili baitu espedientea martxan jartzeko arrazoi gisara”.
Enpresaren arabera, porlanaren lehen prozesua —clinker deritzona— egiteko ekoizpenak ez du Europako legedia betetzen. “Hori aitzakiatzat hartuta, 56 lanpostu kolokan jarri, eta horietatik 15 Arrigorriagako lantokira pasa nahi dituzte”, salatu du enpresa batzordeak.
Planteamendu horren aurka azaldu dira, eta enpresari eskatu diote prozesua geldiarazi eta bertan behera utz dezatela. “Enpresaren helburua ez da deskarbonizazio prozesu bat abiatzea, Añorgako lana beste lan zentro batzuetara eramatea baizik. Horretaz gain, momentuz ez dago prozesu garden bat izango denaren bermerik, gaurko mahaiko bilera arte, langileek informazioa komunikabideen bidez soilik jaso baitute”, nabarmendu dute.
Enpresa batzordea ados dago deskarbonizazio prozesu bat egitearekin, “beti ere benetakoa eta langileekin adostutakoa bada eta lanpostuen suntsiketarik ez badakar”. “Enpresak irabazi handiak ditu, eta lantokia egokitzeko erabil ditzake. Langileek ez dute onartuko aitzakia hori erabiltzea lanpostuak suntsitzeko”, kritikatu du enpresa batzordeak.