Jose Luis Sanchez Vera da Realeko entrenatzaile berria
Hainbat hedabidek aurreratu bazuten ere, Realak gaur baieztatu du albistea. Jose Luis Sanchez Vera da Realeko nesken taldearen entrenatzaile berria. Horrela, Natalia Arroyok utzitako hutsunea beteko du azken bi urtetan Levanteren gidari izan denak. Urtebeteko kontratua sinatu du Sanchez Verak txuri-urdinekin, beste denboraldi batez luzatzeko aukerarekin.
Sanchez Vera Madrilen jaio zen 1983ko otsailaren 1ean. Emakumezkoen futboleko entrenatzaileen artean erreferenteetako bat da. Jokalaria izan zen teknikaria baino lehen, baina lesio batek eraginda jokalari izatetik entrenatzaile izatera pasatu zen. Ibilbide luzea izan du, batez ere, Atletiko Madrilen, bi garaitan banatuta. 2018ko udan hartu zuen talde madrildarra, eta lehen denboraldi hartan liga irabazi zuten. Bigarren zikloa ere arrakastatsua izan zen harentzat, Espainiako Superkopa irabazi zutelako. Esan moduan, azken bi denboraldiak Levante taldearekin egin ditu, eta, orain, Realera dator.