Mark Duti talde donostiar berriak 'Sugea' argitaratu du
Talde berri bat sortu da hirian: Mark Duti. Eta haien lehen lana argitaratu dute plataforma digitaletan: Sugea. Martin Apalategi (bateria), Markel Alonso (baxua) eta Eneko Verdu (gitarra) musikariek osatzen dute, eta, hain zuzen, hiru taldekideen izenarekin osatu dute Mark Duti izena, eta pertsonaia baten gisa irudikatzen dute.
Diskoa, beraz, Mark Dutiren abenturen moduko zerbait dela irudikatzen dute kideek. Berez, bi kantek osatzen dute lana, baina sei zatitan dago banatuta. Seien artean istorio laburra osatzen dute: Basamortuan agertu, tiroka hasi, sugea topatu, bitan pentsatu, ihes egin, utzi arte.
Pavloven Txakurra taldean aritu ziren hiru musikariak, eta entseguen ostean egiten zituzten inprobisazioetatik abiatu zen taldea. Honela, rock progresiboan topatzen ditugun pasarte instrumental luzeez osatua dago. Aldez aurretik ezer esan gabe, “norberaren sentsazioetan eta iruditerian eragitea” bilatzen dute, eta, horregatik, ez dute ahotsik, ez letrarik.
Taldekideek aurreratu dutenez, datorren udazkenean hasi nahi dute jendaurrean kontzertuak eskaintzen, oraindik ordea, ez dute datarik iragarri.