San Joan bezperako suak, auzoz auzo
Udari ongietorria emango diote donostiarrek ekainaren 23an, San Joan bezperan. Donostiako Udalak eta hainbat auzo eta kultur elkartek hiriko hainbat txokotan ekitaldi desberdinak antolatu dituzte.
Guztira hogei su piztuko dituzte, eta honako auzoetan gozatu ahal izango da ikuskizunaz: Igeldo, Antigua, Aiete, Amara Berri, Morlans, Amara Zaharra, San Roke, Loiolako Erriberak, Parte Zaharra, Martutene, Loiola, Egia, Sagues, Intxaurrondo Zaharra, Intxaurrondo, Bidebieta, Herrera, Larratxo eta Oleta.
Bestalde, ohiturari jarraituz, aurten ere udal agintariek Plaza Berriaren erdian jartzen den lizarraren aurrean erritua egingo dute. Ekitaldia 20:00etan hasiko da eta, bertan, udal agintariekin batera Goizaldi, Arkaitz, Eskola eta Gero Axular dantza taldeek Udal Txistulari Taldeak musikatuko duen Eskudantza dantzatuko dute.
Behin Eskudantza amaituta, San Joaneko lizarrari erritua egiteko unea iritsiko da. Agintariek Lizarra ureztatuko dute eta, jarraian, dantzariek su emango diote. Behin sua piztuta, dantzariek eta udal agintariek fandangoa eta arin arina dantzatuko dute, eta jarraian, kalejira egingo dute plazan zehar. Kalejira amaituta, sua itzaliko da eta lizarraren azala banatuko da, Udal Txistulari Taldeak erromeria egiten duen bitartean.
Txosten honetan ikus ditzakezue auzo guztietan San Joan bezperarako prestatu dituzten egitarauak.