Ernaik manifestazioa egingo du Donostian irailaren 8an, isunei aurre egiteko
Gazte antolakundeak dirua biltzeko kanpaina bat jarri du martxan, eta herritarren laguntza «ezinbestekoa» dela diote.
Ernai gazte antolakundeak ia 300.000 euro ordaindu beharko ditu isunetan, Eusko Jaurlaritzak Mozal Legea aplikatu ostean. Joan den maiatzean eman zuten horren berri, eta, orain, irailaren 8an manifestazio bat eginen dutela iragarri dute, “taldearen kontrako operazio judizialak dituen oinarri politikoak salatzeko”. “Gazte independentistak aktibatu eta antolatzeko” baliatuko dute mobilizazioa.
Gaia gizarteratzeko ere baliatu nahi dute mobilizazioa. Izan ere, dagoeneko martxan dute antolakundea ekonomikoki laguntzeko diru-bilketa kanpaina –herritarrek banku transferentziak egiten ahal dituzte taldeak irekitako kontu korronte batera–, eta, mobilizazioaren harira, gaiaren berri izanen duten horiek taldeari ekarpena egiteko aukera dagoela jakinen dute; antolakundearendako “ezinbestekoa” baita herritarren laguntza. Hortaz, propio aukeratutako eguna da irailaren 8a: “Estropaden finalaren harira antolatutako mobilizazioa da, eta giroaz eta kirol eremuko zirkuituaz abiatuko gara”. 13:30ean hasiko da manifestazioa, Bulebarretik.
Bost donostiar tartean
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ernaiko 133 kide salatu ditu “Mozal legea” gisa ezagutzen den Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen bitartez, irailaren 22an Bilbon eta Gasteizen Aitor Zelaia eta Galder Barbado espetxean sartzearen aurkako protestetan parte hartu izanagatik. 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak eskatzen dizkiote salatutako kide bakoitzari, eta 290.500 euro dira orotara.
Salatutako 133 kide horien artean, bost donostiar daude, gazte antolakundeko gainerako kideen antzera iraileko mobilizazioetan Espainiako Gobernuak Bilbon duen azpiordezkaritzaren eraikinean eta Gasteizko Ertzaintzaren polizia etxean kateatu eta zirkulazioa eten baitzuten,