Futbol, pilota, mus, marmitako eta argazki lehiaketak antolatu dituzte 'Herriaren Memoria' jardunaldietarako
Herria kultur elkarteak Herriaren Memoria. Izan zirelako gara, garelako izango dira jardunaldiak antolatu ditu aurten ere, askotariko jarduerekin. Hain zuzen ere, kirola eta gastronomia uztartuko dituzte, besteak beste.
Hilaren 24tik 29ra, helduen, haurren eta gazteen futbol txapelketako kanporaketak, esku pilotako txapelketakoak eta pala txapelketakoak jokatuko dituzte, Parte Zaharreko Trinitate plazan. Helduen futbol partidak 17:00etan hasiko dira egunero, haur eta gazteenak 10:00etan eta esku pilota eta pala partidak 11:00etan. Finalak, aldiz, hilaren 30ean izango dira. Bestalde, mus txapelketa ere jokatuko dute, eta partidak hilaren 30ean izango dira, Ikatz kaleko Herria tabernan, 16:00etan.
Aurreko egunean, hilaren 29an, marmitako lehiaketa egingo dute Trinitate plazan. 10:30ean hasiko dira prestatzen, 13:30ean banatuko dituzte sariak eta herri bazkaria egingo dute 14:00etan; anoak eramateko aukera ere egongo da, 7 euroan.
Azkenik, mendi irteera egingo dute Urkiolara uztailaren 28an, eta argazki lehiaketa abian da. Lanak bidaltzeko epea irekita dago, ekainaren 23ra arte; aurtengo gaia Hodeiak da. Informazio guztia Herria tabernan edo hemen aurkituko duzue.