Bost kontzertu eta hainbat tailer eskainiko ditu Txikijazzak
Jazzaldiaren barruan, Txikijazz zikloa antolatu dute hamabigarrenez, uztailaren 24tik 28ra. Hiru agertokitan banatutako bost kontzertu antolatu dituzte, familientzako bereziki pentsatuta. Hain zuzen ere, kontzertuak Txillida Lekun, Tabakalerako Kutxa Fundazioa Plaza espazioan eta Kursaal inguruan jarri ohi dituzten terrazetan izango dira; ordainpekoak izango diren bakarrak Txillida Lekukoak izango dira.
Carole Alstonek, Itziar Yaguek, Swingtronicsek, Elkano Browning Creamek eta Noa & The Hell Drinkersek joko dute. Hainbat musikari donostiar daude tartean: Elkano Browning Cream Mikel Azpiroz pianista donostiarrak gidatutako proiektua da, Noa & The Hell Drinkers taldea Donostian jaioa da eta gehienak donostiarrak dira eta Itziar Yague gasteiztarraren bandan Paul San Martin donostiarra dago, besteak beste. Honakoa izango da egitaraua:
- Uztailak 24: Itziar Yague, 12:00etan, Kutxa Fundazioa Plazan.
- Uztailak 25: Noa & The Hell Drinkers, 12:30ean, Txillida Lekun.
- Uztailak 26: Swingtronics, 12:00etan, Kutxa Fundazioa Plazan.
- Uztailak 27: Carole Alston, 12:30ean, Txillida Lekun.
- Uztailak 28: Elkano Browning Cream, 12:00etan, Kursaaleko terrazetan.
Bestalde, aurten, berritasun gisa, kontzertu guztiekin batera tailerrak eskainiko dituzte, esparru berean eta hainbat adin tartetako haurrentzat pentsatuta. Ildo horretatik, aurten, proposamen ludikoenari gehituko diote San Martin Merkatuko Fnac Foruma, non, uztailaren 24an eta 26an, 0 eta 4 urte bitarteko haurrentzako tailer-kontzertu bat eskainiko duten, 18:00etan.