Elkarte euskaldun eta parekide berri bat Parte Zaharrean
Ollagorrak egun elkartea duen tokian elkarte berri bat ireki asmo dute Kale Lagunakekoek. «Dena erabakitzeko» dagoen arren, badute gauza bat oso argi: «Elkarte euskaldun eta mistoa izango da»

Parte Zaharrean bizitzea gero eta zailagoa den arren —zer esanik ez udara hasi berri—, oraindik badira auzotarrak bertan, eta batzuentzat harrigarria den arren, bertan bizitza duin bat eduki nahi dute, anbulatorio, kultur etxe eta bestelako baliabideekin. Gero eta zailagoa den honetan, aukera berri bat sortu zaie Kale Lagunak elkarteko kideei, eta aspaldiko ametsa betetzear daude: elkarte gastronomiko berri bat sortzeko tenorean daude.
2002. urtean sortu zen Kale Lagunak elkartea. «Txikitatik elkarrekin jokatzen genuen belar hockeyan, baina garai hartan apur bat sakabanaturik geunden, bakoitza bere taldean», oroitu du Iker Freijidok. Taldeetako kide zen Aitor Natal gazteak bere buruaz beste egin zuela eta, berriro elkartzeko beharra sentitu zuten, eta ordutik, martxan dabil elkartea hockeyaren bueltan. Kale deitzen zioten Natali, amona arrain saltzaileari oinordekotzan hartu zion izena. Eta hortik dator, hain zuzen, elkartearen izena.
Hockeyaz gain, 2012an, auzoko kuadrilla batek danborrada bat sortu nahi zuela eta, haiengana jo, eta «aspaldiko ideia zela aprobetxatuta», martxan jarri zuten danborrada. Hirugarren arloa, Aste Nagusi Piratan sortu zuten Kale Poza kofradia da. Hiru arloek bat egiten dute, modu ezberdinean bada ere, Kale Lagunak elkartean.
Lokal berria, Ollagorran
Egun Ollagorra elkartea dagoen tokian irekiko dute Kale Lagunakekoek elkarte berria. «Duela bost urte inguru etorri ziren hona Ollagorrakoak, haien elkartearen eraikinean obra batzuk zirela eta. Eraikina atondu, eta beharrezko obra guztiak egin zituzten. Beraz, berri-berria den elkarte bat irekitzeko aukera dugu guk. Platerak eta edalontziak besterik ez ditugu erosi behar!».
Orain, aurkezpenak egiten ari dira, eta danborradako jendearekin soilik, 80 bat bazkide dituzte baieztaturik. Azaldu dutenez, arazoetako bat da Parte Zaharreko jende gehiena jada badela elkarteren bateko bazkide. Edonola ere, esperantza dute laster batean iritsiko direla gutxienekora. «Beste 100 bazkide berri izatea da erronka, datozen asteotan lortzea ez da erraza izango, urte bukaerarako ziur lortuko dugula», diote biek baikor. Uztailaren 5a baino lehen egin nahi dute sorrerako taldea, Ollagorrarekin adostutakoa betetzeko.
Parte Zaharrean, dena ezinezko
«10-12 urte daramagu lokal bila auzoan. Eta zer esanik ez… ezinezkoa da! Denak dira garestiegiak eta obra izugarrien beharra dutenak», azaldu dute. Egun Birunda gune autogestionatua dagoen tokiaren jabearekin egon ziren ere: «Milioi bat euro eskatzen zizkigun lokalarengatik eta goiko etxearengatik, eta egoera tamalgarrian zegoen, zaborrez! Impresentable hutsa…».
Horregatik daude pozik Kale Lagunakeko kideak, oraingoa aukera ezin hobea delako elkarte berri bateko bazkide izateko, «izugarrizko dirutza gastatu behar gabe». 650 euro ordaindu beharko dituzte bazkide berriek, eta hasieran diru nahikotxo den arren, bestelako egoera batekin «zerikusirik» ez duela diote.
Kultur jarduerak ongietorriak
Guztia dute erabakitzeko oraindik elkarte berriko bazkideek: «Edozein kultur jarduera ongietorria izango da; mendi taldea egin nahi duela inork? Bikain. Lindy-Hopeko talde batean badabilen jendea ere badago. Hemen egin nahi dutela zerbait? Bikain ere. Guzti-guztia bazkide berrien artean erabakiko dugu».
Parte Zaharrean integratuta daude, bertako bizitzan parte hartuz, eta horrek, elkarte hau are eta bereziagoa egingo du. Saizek dioenez, baldintza guztiak betetzen ditu elkarte erakargarria izateko: «Zenbat urte dira Parte Zaharrean ez dela elkarte misto berri bat zabaltzen?». Arrano eta Kresala dira parekideak diren bakarrak, eta azken honetan, itxaron zerrenda luze-luzea da. Gainontzeko elkarteetan aldaketak egiten hasi dira, baina gehienetan, «norbaiten alaba izan behar duzu sartzeko». Orain arte izena eman duten bazkideen gehiengoa emakumezkoak dira.
Abuztuaren 31 da elkarte berriko kideek buruan duten irekiera data. Animatzeko falta denak badu, beraz, oraindik aukera; elkartea@kale.eus helbidera idatzi besterik ez duzu.