Metroak gorabehera, aurreikusitakoa eraiki nahi dute
Loiolako kuartelen lursailean udalak eraiki nahi dituen etxebizitzen proiektua kolokan jarri du Espainiako Kostaldeko zuzendaritzak. Mugatze lerroaren afera argitu arte, ez dituzte eskriturak sinatuko.
Donostiako Udalak 1988ko Espainiako Kostaldeko legeak ezarritako salbuespen bat mantentzea du helburu. «Kuartelek salbuespen bat zuten mugatze lerroari dagokionez; lursailaren eta azpiegituren arteko muga hogei metrokoa zen», azaldu zuen Eneko Goia alkateak asteartean, udaletxeko prentsa aretoan.
Ordea, Loiolako kuartelen lursailaren izaera aldatu egin da. «Azpiegitura izateari utzi dio, eta salbuespen egoera hori kendu dio eremuari Kostaldeko zuzendaritzak. Horrela ere, eremu hori urbanoa da 1962. urtetik, eta horregatik, hogei metroko tartea jartzea dagokio. Ura Agentzia, Donostiako Udala eta Defentsa Ministerioa bat gatoz, ezarri behar den mugatze lerroarekin», nabarmendu zuen Goiak.
Hori dela eta, udalak alegazioak prestatu ditu, eta datozen egunetan helaraziko dizkiote Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren Kostaldeko zuzendaritzari. Alegazioak aurkeztuta, erantzunaren zain geratuko da udala. «Kostaldeko zuzendaritzak aldeko ebazpena ematea espero dugu, legeak aurreikusten duena delako», esan zuen alkateak.
Eskriturak sinatu gabe
Metroen afera argitu arte, udalak ez ditu kuarteletako eskriturak sinatuko. «Izapide administratiboa da, eta hau egin arte ez ditugu eskriturak sinatuko. Bi hilabeteko epea eman diogu elkarri izapidea amaitzeko, eta nik uste dut normaltasun osoz joango dela. Denbora kontua dela iruditzen zait, izapidea egiteko behar den denbora. Eta, behin hori eginda, arazorik gabe aurrera jarraitu ahalko dugu», adierazi zuen Goiak.
Loiolako lursailaren etorkizunarekin kezkatuta agertu da EH Bildu. Horrekin batera, nabarmendu dute salerosketa akordioa hobea dela Espainiako Defentsa Ministerioarentzat, eta ez horrenbeste Donostiako Udalarentzat. «Hitzarmenaren baldintzak Defentsa Ministerioaren aldekoak dira. Aldaketak aldaketa, diru berbera edo gehiago irabaziko lukete. Lursailean etxe gutxiago eraikitzen badira, udalak prezio bera ordainduko du. Aldiz, etorkizunean etxebizitza gehiago eraiki nahiko balitu, estatuari diru gehiago ordaindu beharko lioke», azaldu du Rikardo Burutaran zinegotziak. Gainera, hirigintza plana baliogabetuko lukeen epai irmo baten kasuan ere, udalak ez luke ordaindutako zenbatekoa berreskuratuko. Guztira, 73,3 milioi euro.
Loiolako kuartelen lursailean eraikitzea aurreikusten diren etxebizitza babestuak «legezko gutxienekora mugatzen» direla kritikatu du Burutaranek: «Guk behin baino gehiagotan kritikatu dugu ehuneneko hori, ez delako nahikoa, jabetza publikoko lursail bati buruz ari garelako, eta etxebizitza publikoen ehuneneko handiagoak salerosketa eragiketan prezio txikiagoa zekarrelako».
73,3 milioi euro
Gogoratu behar da udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak 2022ko azaroan adostu zutela kuartelen salerosketa hitzarmena, eta handik urtebetera itxi zutela akordioa, 73,3 milioi euroren truk; bost milioi ordaindu dituzte dagoeneko, 65 milioi eskriturak sinatzean ordaindu beharko dituzte eta beste hiru milioi operazioa bukatzean.
Bertan, 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak. Oraindik ez dago zehaztuta etxebizitza horietako zenbat izango diren babestuak, baina akordiorako balorazio teknikoa egin zutenean, legeak ezartzen duen minimoa hartu zuten aintzat: %60 libreak eta %40 babestuak (%20 tasatuak eta %20 babes ofizialekoak).
Kuartelek hartzen duten 17,5 hektareako eremuaz gain, Uliako sei hektareako eremu bat ere udalaren eskuetara pasatuko da, baina dena ezin da urbanizatu. Hain zuzen ere, 142.000 metro koadro bideratuko dituzte bizitegi erabilerara, eta 8.000 erabilera tertziariora, alkateak akordioa adostu zutenean esan zuenez.
Militarrentzako etxeak
Donostiako Udalaren eta Espainiako Defentsa Ministerioaren arteko akordioaren arabera, Loiolako kuartelak eta beste lursail batzuk salerosteko, alokairu sozialeko 58 etxebizitza gorde beharko dira atzeko aldean dauden etxebizitza blokeetan bizi diren familientzat; Ametzagainako parkera eta Ubako aterpetxera doan errepidera ematen duten etxebizitza blokeetan bizi direnentzat, alegia. Militarrak eta haien senideak bizi dira eraikin horietan.
Naiz atariak abenduaren 18an Madrilen sinatutako salerosketa akordioa eskuratu du, eta bertan jasotzen denez, bloke horietan 78 etxebizitza eta bi merkataritza lokal daude, baina sinatzeko unean 58 baino ez zeuden okupatuta, eta bertako bizilagunak dira udalak birkokatu beharko dituenak.
Agirian jasotzen dena aintzat hartuz, familia horiek eskubidea izango dute «hirigintza plan berria garatzean etxebizitza berri bat izateko, eta, ahal dela, guztien etxebizitza eraikin berean». Bitartean, egungo etxebizitzetan jarraituko dute. Hirigintza planak 1.500 eta 1.700 etxebizitza artean aurreikusten ditu: horietatik, %60 merkatu librekoak izango dira eta %40 babes publikokoak, erdiak tasatuak eta beste erdiak sozialak.
Aldiz, Gonzalez Valles Generala izeneko egoitza militarrak, Txomiñeneko zubia zeharkatu bezain laster sarbidea duenak, Defentsa Ministerioaren esku jarraituko du. Espazio horretan daude, batez ere, Loiolako agintariak eta zerbitzu eginkizunetan dauden militarrak. Erabiltzaile horientzat, udalak konpromisoa hartu du «autoentzako 50 garaje plaza jabetzan emateko, langileek soilik erabil ditzaten».•