Patxi Ezkiagaren sexu erasoen jakitun zen La Salle, ikasle ohien arabera
Lau emakumek adierazi dute ikastetxeak sexu abusuen berri zuen arren, zuzendaritzak entzungorrarena egin zuela.
Loiolako La Salle ikastetxeak Patxi Ezkiagaren sexu erasoen berri izan zuela baieztatu dute orduko ikasleek. Bildutako 24 testigantza berrietatik lauk, adierazi dute, halaber, irakaslearen jarrera jakinarazi ziotela ikastetxeari 1991 eta 1996 urte bitartean. Biktimen arabera, baina, ikastetxeko zuzendari eta irakasleek ez zituzten seriotzat jo ohartarazpen mezu horiek, eta ez zuten ganorazko neurririk jarri: “Konfiantza genuen irakasle batekin batetik komentatu genuen eta barre egin zuen. Ez gintuzten kontuan hartu”, jaso du El País hedabideak, bildutako testigantzen artean.
Espainiako egunkariaren arabera, jaso dituen 24 ikasleren testigantzetatik, hemezortzi sexu eraso berri azaleratu dira. Biktimek diotenez, zortzi eta hamazazpi urte bitarteko haur eta nerabeek jasan zituzten abusuak, irakasleak eskolan bertan zuen logelan edo Isaban antolatzen zituen udalekuetan.
Patxi Ezkiagak 30 urte inguru eman zituen lanean La Salle ikastetxean, eta jasotako kasuak, 1974 eta 1996 urte bitartekoak dira. Garai askotariko testigantzak, ordea, bat datoz eta hedabideari adierazi diotenez, urte bakoitzean neskaren baten obsesionatu eta jazarri egiten zuen. Euren elkartasuna adierazi nahi izan duten beste ikasle ohien arabera, ukituak eta jazarpena denen aurrean gertatzen ziren, baina diotenez, orduan ez zekiten zelako kaltea sor zezaketen, ezta noraino irits zitezkeen ere. Biktimen arabera, ordea, erasoak gero eta larriagoak ziren eta, gainera, nesken familiekin harremana mantentzen saiatzen zen, euren konfiantza bereganatzeko.
Egoera horien aurrean, hainbat izan ziren irakaslea seinalatu nahi izan zituzten ahotsak: Isabako udalekuetako monitore batek orden erlijiosoko beste kide batekin jarri zen harremanetan gertatzen zenaren berri emateko, ikasle batek irakaslearekin komentatu zuen eta eskutitz bat igorri zuen zuzendaritzara, eta Marisol Zamoraren arabera —Ezkiaga publikoki salatu zuen lehen biktima—ordenaren Espainiako zuzendari den Jose Romanekin bildu ostean, jakinarazi zion bazutela ikasle baten gurasoek jarritako kexa baten berri. Informazioa izan arren, ikasle baten arabera eskolak egin zuen gauza bakarra Ezkiaga denbora batez Erromara bidaltzea izan zen; bertan eman zituen hilabete batzuk, 1995 eta 1996 urte artean.
La Salle
El Pais egunkariaren datuen arabera, La Salle ez da batere gardena bere ordenaren baitan jazotako pederastia kasuen informazioa ematerako orduan, abusu salaketa gehien dituen laugarren Espainiako laugarren ordena den arren. Jesuiten, maristen eta salestarren atzetik, 77 erlijiosoen salaketak jaso ditu egunkariaren datu baseak.