«Sortzen dudana denona izatea da oparirik politena»
Idoia Asurmendi (Aramaio, Araba, 2000) kantautoreak bere bigarren diskoa argitaratu du: 'de amar y desandar'. Zer esanarekin elegante bete ditu hainbat plaza eta Viktoria Eugenia zutik jarri du. Parean duenari abesten dio Asurmendik. Pausoak argi dituen horietakoa da, eta oroitzapenak, are gehiago.
‘Ilun eta abar’ diskoaren ostean, ‘de amar y desandar’ plazaratu berri duzu eta kontzertuekin bueltaka zabiltza. Zer nolako sentsazioak bizi ditu artista batek horrelako momentuetan?
Oso lasai nago. Disko hau niretzat opari bat izan da. Lehenengo diskoa ordura arte nituen abestiekin argitaratu nuen, Kutxa Kultur beka lortu nuelako. Horrekin diskoa osatu nuen, baina bigarren disko hau beste puntu batetik egin dut, beste heldutasun batetik, eta asko disfrutatu dudan prozesu luzea izan da.
Zenbat iraun du prozesuak?
Hiru aste inguru grabaketak berak. Baina prozesu osoak urte eta erdi inguru iraun du. Madrilen grabatu dugu, eta bertako bi ekoizlerekin ibili naiz, Sergio Valdehitarekin eta Carlos Sosarekin. Nire banda Madrilera jaitsi da, baina guztira, hamabost bat musikarik parte hartu dute disko honetan. Komunitarioa izan da oso, mix benetan polita.
Lehenengo diskoan beste musikariek parte hartu zuten baita ere.
Hala da, baina abesten, bereziki. Albuma atera aurretik, kolaborazioak egongo ote ziren galdetzen zidan jendeak, eta badaude, nahiz eta jendeak askotan aurreikusten duen kolaborazioak kantatzen soilik izango direla. Bigarren disko honetan, aldiz, instrumentuzko kolaborazioak izan dira nabarmenenak. Polita izan da musikariak estudiotik pasatzen ikustea eta haien aletxoa jartzen ikustea.
Zer kontatu nahi izan duzu disko honetan?
Diskoa nire lan terapeutiko pertsonalaren emaitza da. Ia hiru urteko lan pertsonal sakona izan dut, eta disko hau horren emaitza da. Gauza asko pasa dira eta aldaketa hauek bertan daude, Dragon Khan hori islatzen du lan honek. Gainera, perspektiba batekin idatzi dago, kanta hauek egoerak eta emozioak behin pasatuta idatziak direlako.
Lurrera jaisteko aukera eman dizu honek.
Diskoan, oroitzapenez hitz egiten dut. Batzuk gaziak dira, beste batzuk goxoak. Baina denek behar dute espazioa eta denbora intentsitate handiegikoak direnean kontatu ahal izateko, eta hori egin dut. Niretzat, kantuak oroitzapen hauek kapsula batzuetan sartzeko modu bat izan dira, eta, apur bat, nigandik pisu hori kentzeko aukera eman didate.
«Zer esana nuelako idatzi nuen bigarren diskoa, oraintxe bertan ez naiz gai beste bat idazteko»
Aurrera egiteko modu bat da?
Bai, aurrera egin bai, baina, aldi berean, hor daude oroitzapenak, eta hauetara bueltatu nahi dudanean hor egongo dira, kapsula hauetan gordeta.
Disko honek egin du nigan egin beharrekoa dena. Noski, lan honek bide bat edukitzea nahi dut eta jendeak jasotzea, goxotasunez eta maitasunez, baina niretzako, jada, egin du bidea. Hori sentsazio oso ona da, eta horregatik nago lasai.
‘Recordar: volver a pasar por el corazón’ zure mantra dela dirudi. Disko honek funtzio berdina du zuretzat?
Guztiz. Eduardo Galeano idazlearen El libro de los abrazos liburuan irakurri nuen, eta horrekin mordo bat konektatu nuen; izan ere, terapian hori egiten nenbilela konturatu nintzen: momentu ezberdinak gogora ekarri eta berriz bizi perspektiba hartzeko eta momentu horiei bere lekua emateko. Kantu hauek sortzen hasi nintzenean, berdina izan zen. Zer esana nuelako sortu nuen disko hau, eta ez lehenengoaren atzetik etorri behar zelako. Kantuen bitartez, nire barrenak husten hasi nintzen eta disko hau horretarako zela jabetu nintzen.
9 de febrero abestiak nire bizitzako momentu gogor bat kontatzen du, eta hori idaztea asko kostatu zitzaidan. Kantak oso nireak eta oso benetakoak direla uste dut. Bizitakoarekin oso fidela izan naiz.
Zuretzako terapeutikoak diren moduan, besteentzako ere hala izan daitezke zure abestiak.
Indartsua da kantua.
Nola da sorkuntza prozesuan talde osoko beharrei erantzutea?
Estudioko momentuak tentsiokoak izaten dira. Disfrutatzen dut asko, baina denbora mugatua da, jende asko dago eta askotan errepikatu behar dira gauzak. Nekeza da.
Gauza askori atentzio berezia jarri beharko diozu.
Niretzako, nire banda eroso egotea oso inportantea da. Eroso sentitzea, gustura, eta euren alea jartzea. Pertsonalitate hori islatzea nahi nuen, musikari oso onak direlako. Oreka bilatu behar da eta lortu nahian ibili naiz.
Eta zuzenekoetan jotzea?
Zuzenekoak beste sormen prozesu bat dira. Kantuak hartu eta zuzenekora moldatu behar dira. Taldekideen pertsonalitateak hartzen du garrantzi gehiago eta diskoaren abestiak gurera ekartzen ditugu.
Nola?
Batzuek diskoko abestien sekuentziak botatzen dituzte zuzenekoetan. Nik zuzenekoa organikoa izatea nahi nuen, eta horretarako, zuzenekoetara moldatu behar genuen; estudioan tronpetak grabatu genituen eta kontzertuetan ez dugu tronpetarik erabiltzen, adibidez. Moldatu egin behar ditugu kantak eta ezberdinak direla ematen du askotan.
Nola da kanta bat soltatzea?
Oso polita. Hasiera batean, disko honetako kanta asko niretzat egindakoak ziren, baina, nire istorioen atzean pertsonak daude, eta azkenean, kanta hauek jende horri eskerrak emateko izan dira, jende horri eskertzeko kantak.
Adibiderik?
Un último baile bajo el aguacero. Kantu hau niretzako idatzi nahi nuen, baina nire lau lagunei idatzi nahi nien, baita ere. Amaitzerakoan, ilusioz jakin nahi nuen haien iritzia. Oso nirea da, baina uste dut hartu-eman asko dagoela. Nire ingurukoei egindako disko bat da.
Eskuzabala da.
Jaso dezakedan oparirik politena da, egiten dudan hori denona delako.
«Kantuen bitartez, nire barrenak husten hasi nintzen eta disko hau horretarako zela jabetu nintzen»
Betidanik izan duzu musika horren gertu?
Bai, txikitatik. Aramaioko Papargorri abesbatzan hasi nintzen oso txikitan. Kantuarekin hasi nintzen eta 8 urterekin pianoa ikasten hasi nintzen. Gainera, nire ahizpa nagusia, Bea, abeslaria da eta uste dut berak zabaldu zidala musikaren bidea.
Kolaborazioak egin dituzu beste artistekin, baita ere.
Asko ikasi dut besteengandik, eta eskerrak. Musikan eta hortik kanpo momentu goxoak partekatzea oso polita izan da. Gainera, musika industria arrotz honetan hasiberria izatea ez da erraza, baina ni oso babestua sentitu izan naiz beti eta hori eskertzekoa da.
«Nire istorioen atzean pertsonak daude, eta kanta hauek jende horri eskerrak emateko izan dira»
Viktoria Eugeniako kontzertuko une batean, taldekideak bakarrik utzi zenituen. Elegante zu, baita ere.
Aspalditik nuen ideia hori buruan eta nonbaiten sartu nahi nuen. Idoia ni naiz, aurpegia nirea da, baina nire taldea da daukadan gauza inportanteenetarikoa, eta ni ez nintzateke Viktoria Eugenian horren eroso egongo eurengatik izango ez balitz.
Gainera, musikari apartak dira eta merezi dute, ni pianoan bakarrik geratzen naizen moduan beraiek ere edukitzea euren momentua. Uste dut beharrezkoa dela ere, eta errekonozimendua argi geratzea zen nire nahia, nire aurpegia agertzen delako kartel denetan, baina IDOIA ez naiz ni bakarrik.
Viktoria Eugeniako kontzertua zer izan zen zuretzat?
Nik egun hori markatuta nuen aspalditik. Gainera, egun osoa hartu genuen, soinu probak goizean goizetik lasai egiteko, eta egunaz disfrutatzeko; eta nik imajinatu ahal nuena baino mila bider hobea izan zen. Oso magikoa izan zen.
Gainera, kontzertuen eszenografia, disko honen diseinua eta Viktoria Eugeniako agertokiaren irudia Arrasateko Miau estudioaren eskutik egindakoak dira, eta hori bai dela magikoa. Donostia etxe bihurtu da, eta sentipen hau ezin dut hitzekin azaldu.
Berezia da etxea norberak zerotik eraiki duenean, baita ere.
Orain dela bost urte iritsi nintzen. Hasieran, Donostiara etortzea ez zegoen nire aukeren artean, baina Musikenera etortzeko aukera eduki nuenean, aprobetxatu nuen; izan ere lagun batzuk hemen nituen eta horrek lagundu zidan. Uste dut benetan lekua jendeak egiten duela, eta Donostiarekiko irudia aldatu zitzaidan. Musikenera etorri nintzen pedagogia ikastera eta maitemindu nintzen Donostiarekin.
Zerk maitemindu zintuen horrenbeste?
Itsasoak, izugarri. Lasaitasuna eta arnasa hartzeko askatasun antzeko hau. Argia, baita ere, eta jendea, noski. Oso babestua sentitu nintzen heldu nintzenean. Gainera, hiria den arren auzo esentzia mantentzen da.
«Uste dut benetan lekua jendeak egiten duela eta Donostiarekiko irudia iristean aldatu zitzaidan»
Donostia bakar bat pintatzen dute. ‘Ñoñostia’-eta, baina…
Seguruenik, hasiera batean, horregatik nuen hiri hau baztertura nire etorkizuneko planetatik, baina ikusi nuen Donostia ez dela hori soilik eta giro oso auzotarra dagoela konturatu nintzen. Ikusiko dugu etorkizunean zer gertatzen den.
Jarraituko duzu musikarekin?
Beti. Baina ez dakit nola. Pedagogia ikasi dut eta psikologiaren mundua asko gustatzen zait. Musika terapia ikasi nahi dut.
Zorteduna naiz bi disko plazaratu ditudalako, baina kanpotik, batzuetan, ematen dit sentsazioa jendeak uste duela horretan jarraituko dudala bizitzan osoan. Baina baditut beste arlo batzuk asko betetzen nautenak. Zer esana nuelako idatzi nuen bigarren diskoa, oraintxe bertan ez naiz gai beste bat idazteko. Horregatik, ez dut mugatu nahi etorkizuna egin dudanera. Orain, nire bizitzako beste arloetara bueltatzeko beharra dut. Zer esana hortik ateratzen da eta.