Europako Ligan izena eman du Bera Berak
Bera Bera eskubaloi taldeak Europako Liga jokatuko du. Ohorezko mailako txapeldun gisa, horretarako aukera zuten, eta egin beharreko tramitazioa bete dute txapelketan izena emateko. Besteak beste, 15.000 euroko bermea jarri dute, eta partidak jokatzeko bi kirol instalazio zehaztu dituzte: Gaska kiroldegia eta Illunbe.
Horiek horrela, Bera Bera 29. aldiz ariko da Europan, eta orain arte jokaturiko 122 partiden kopurua areagotuko dute. Uztailaren 9an argitaratuko du Europako Eskubaloi Ferederazioak parte hartuko duten taldeen zerrenda. Ondoren, uztailaren 16an lehen eta bigarren kanporaketen zozketa egingo dute. Lehena, irailaren 7aren eta 15aren artean jokatuko litzateke —iaz ez zen egin—, eta, bigarrena, urriaren 5aren eta 13aren bitartean izango da.
Hirugarren kanporaketa erabakigarria, berriz, azaroaren 9tik 17ra artean jokatuko da. Multzoen fasea zehazteko kanporaketa da, azken urteotan Donostiako taldea sailkatzear izan dena. Fase hori urtarrilaren 11aren eta otsailaren 23an bitartean jokatuko da.
Arerioak
Zozketaren faltan, Europako Ligan arituko diren talde batzuen izenak jakinak dira. Hala nola, Frantziako Nantes, Paris 92 eta Dijon, Alemaniako Borussia Dortmund, Bensheim-Auerbach, Thuringer eta Metzingen, Danimarkako Herning-Ikast, Hungariako Mosonmagyarovar, DVSC Schaeffler eta Vaci, Norvegiako Sola HC, Larvik eta Fredrikstad, Poloniako Zaglebie, Txekiako Banik Most, Errumaniako Dunarea Braila eta Ramnicu Valcea, eta Suediako Savehof.
Bera Beraren helburua hirugarren kanporaketa gainditu eta multzoen fasea jokatzea da. Esan moduan, azken urteotan gertu izan dute helburua, baina ez dute lortu. 2020-2021 denboraldian Errusiako Zvezdak kanporatu zituen, 2021-2022 sasoian Errumaniako Ramnicu Valceak, 2o22-2023 denboraldian Frantziako Besançonek, eta 2023-2024 sasoian Norvegiako Sola HK taldeak.