Donostia inguruko herrietako 118 taxik hirian ere zerbitzua eman ahal izango dute
Gaur egun hirian 308 taxi lizentzia daude, eta udalak ez du momentuz kopuru hori handitzea aurreikusten.
Taxi zerbitzuaren eskaria eta eskaintza orekatu asmoz, Donostiako Udalak administrazioen arteko hitzarmena onartu du inguruko hainbat udalerrirekin: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteriako udalen artean. Hitzarmen horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio araubide bereziko eremu bat sor dezala taxien zerbitzuak emateko.
Donostian 308 taxi lizentzia daude, eta beste 118 taxik hirian zerbitzua eskaintzea “hobekuntza” nabaria izango dela adierazi du Eneko Goia alkateak: “Eskari guztiei erantzutea ahalbidetuko du, gaur egun Donostian zein inguruko udalerrietan dauden lizentzien kopurua handitu gabe”. Horiek horrela, araubide hau “ahalik eta lasterren aktibatzeko” eskatuko diote aldundiari, “uda honetan bertan martxan jartzeko”.
Une honetan, Hernanik, Astigarragak, Lasarte-Oriak eta Donostiak dagoeneko onartuta dituzte hitzarmenak, eta Urnietak eta Errenteriak datorren astean onartuko dituzte. Beraz, udalerri horiek eremuaren ezarpenaren lehen fasearen parte izango dira. Usurbil, Pasaia, Andoain, Oiartzun eta Lezo herriek aurrerago onartuko dute.
“2023ko maiatzean sinatutako hitzarmena ez zen gauzatu, baina lanean jarraitu dugu akordioa hobetzeko eta proposamen berri bat onartzeko. Donostiako Udalak gidaturiko prozesuak oso jarrera ona izan du inplikatutako udalerri guztien aldetik, eskualde osoko zerbitzua hobetzeko balioko baitu”, nabarmendu du Goiak.
Lau urterako
Akordio honek lau urteko indarraldia izango du, beste lau urtez luzatu ahal izango da. “Akordioa sinatzen duten udalek eremua bultzatzeko eta harmonizatzeko elkarrekin lan egiteko duten konpromisoa islatzea du helburu. Halaber, erabilgarri egongo diren egunak eta ordutegiak ezartzen dira”, azaldu du alkateak.
Horrela, eremua abian dagoenean, hiriko garraio zerbitzua osatuko da hitzartutako edozein udalerritako taxiek hiri zerbitzuak beste batean eman ahal izateko aukerarekin, betiere eremua indarrean badago onartutako egutegiaren arabera dagokion udalerrian. Hala, adibidez, eremua Donostian indarrean dagoen egun eta orduetan, gainerako udalerrietako taxiek hirian eman ahal izango dituzte zerbitzuak.
Era berean, hiriarteko garraio zerbitzua osatuko da hitzartutako edozein udalerrik hiriarteko zerbitzuak beste udalerri batean eman ahal izateko aukerarekin, baldin eta eremua udalerri horretan indarrean badago, onartutako egutegiaren arabera. Horrela, eremua Donostian indarrean dagoen egun eta orduetan, beste udalerri bateko taxiek hiriarteko zerbitzuak eman ahal izango dituzte, Donostian jasotzen badituzte. Bi kasuetan, zerbitzua ematen den edo bilketa egiten den udalerriko taxiei aplikatzen zaizkien baldintza berberetan emango da zerbitzu hori.
Donostialdeko araubide bereziko eremua sortzearekin batera, jarraipen batzorde bat jarriko da abian. Batzorde horren eginkizunak izango dira eremuaren arauak behar bezala betetzen direla zaintzea eta horren inguruko gaiak proposatzea eta horiei buruzko txostenak egitea.