Groseko lau familia kaleratu nahi ditu Azora putre funtsak
Urriaren 31rako etxebizitza utzi behar dutela jakinarazi diete, eta etxegabetzea eteteko laguntza eskatu dute.
Donostiako Udaletxearen parean agerraldia egin dute Azorako maizterrek, Alokairu Bentaberrik eta Kaleratzeak Stopek. Hain zuzen ere, Azoraren maizter diren lau familien egoera salatzeko elkartu dira. Urriaren 31rako etxegabetu nahi ditu putre funtsak, eta hori saihesteko Donostia tentsio handiko udalerri gisa ahalik eta azkarren izendatzea eskatu dute.
Udalari eskatu diote dokumentuak azkar tramitatzeko. Horrela, familia horiek eta beste maizterrek hiru urteko luzapena eska dezakete deklarazio horretatik aurrera bukatzen diren kontratuetan. Horrek eragotziko lituzke Azorak aurrera eraman nahi dituen kaleratzeak.
“Udalak beste espekulazio negozio bat saihestu behar du, beste hiru etxebizitza bloke hustu nahi dituztelako, ondoren luxuzko etxebizitzak bihurtzeko”, ohartarazi dute Alberto Lopez eta Mikel Etxagibel maizter kaltetuek. Segundo Izpizua, Zabaleta eta Bermingham kaleetan daude etxebizitza bloke horiek.
Osteguneko udalbatzarrera joateko deia luzatu dute hiru plataformek, eskatzen dutena jasotzen duen kontrol mozioa eztabaidatuko delako udal batzar aretoan. EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren udal taldeek aurkeztu dute. 11:45ean geratu dira udaletxeko atean, elkarrekin sartzeko.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Ogasunari eskatu diote lehenbailehen bidal ditzatela Etxebizitza Ministeriora, ekainaren 30ean errenta aitorpenaren ekitaldia amaitu ondoren, Gipuzkoako zergadunen izenik gabeko datuak. Horrela, Eusko Jaurlaritzak tentsio handikotzat jotako udalerrietako alokairuen prezioen erreferentziazko indizeak egiteko.
Eusko Jaurlaritza osatu berriari ere eskaera bat luzatu diote: Donostia tentsio handiko udalerri izendatzeko prozeduraren agindua argitaratzea. Eta horren ondoren, Etxebizitzaren Legeak arautzen duen jendaurrean jartzeko hogei eguneko epea ireki dezala.