Beñat Turrientes eta Jon Pacheco, Parisko Olinpiar Jokoetara
Parisko Olinpiar Jokoei begira, Realeko bi jokalari sartu ditu 23 urtez azpiko Espainiako Selekzioaren zerrendan Santi Denia hautatzaileak. Zerrenda behin-behinekoa izanik, Beñat Turrientes gipuzkoarrak eta Jon Pacheco nafarrak aukerak dituzte hitzordu olinpiarrerako.
Uztailaren 1ean hasiko dira entrenamenduekin Madrilgo Las Rozas herrian. Aldiz, lehen partida uztailaren 24an jokatuko dute Uzbekistanen aurka. Bigarrena, 27an izango dute Dominikar Errepublikaren kontra, eta, hirugarrena, uztailaren 30ean Egiptoren aurka.
Elene Lete ere
Emakumezkoen Espainiako Selekzioak ere behin-behineko zerrenda iragarri du, eta hautatuen artean dago Elene Lete atezain txuri-urdina. Zumarragakoak 2025eko Eurokopara sailkatzeko bi partidetarako ere deitu dute.