Iragarri dituzte Aste Nagusi Piratako kontzertuak: Hofe, Tremenda Jauria, Bulego eta beste hainbat
Uda iritsi dela eta, jaietako egitarauak aurreratzen ari dira Donostiako Piratak. Azken egunotan hainbat aurrerapen egin badituzte ere, kartel osoa atzo aurkeztu zuten sare sozialen bidez: Jalgi belak mastara, eta euskara plazara! Festa Ipar izango da aurtengo jaien leloa.
Aste osoko egitaraua osatzeko, orotariko kontzertuak aurkeztu dituzte, gustu guztientzako aproposak. Izen handien artean daude Hofe x 4:40 nafarrak, Mungiako Belako, Bulego pop taldea, Zopilotes Txirriaosen kanta mexikarrak, Sara Socasen rapa, Juantxo Skalari y la Rude Band eta Tremenda Jauriaren “reggaeton feminista”.
Ohikoa den eran, talde donostiarrek euren lekua izango dute jaietan, eta aurten, diskoa argitaratu berri duten hiru talde izango dira: Lide Hernandoren Bele proiektua, soula eta R&B modernoa uztartuz; Nakar taldearen post punk elektronikoa; eta Egiatik datozen Pelax, Esan gabe doa lan berria aurkeztuz.
Nabarmentzekoa da DJek ere euren tokia irabazi dutela, eta oholtza gainean izango dira La Fulana, DJ Pezon eta DJ Azkura. Haiekin batera izango dira Albina Stardust eta Divina Comedia draq queen-ak.
Talde bakoitzak zein egunetan joko duen ez dute azaldu oraindik. Datozen asteotan, egitarau guztiarekin batera zabalduko dute.