Tarteko geldialdia aurkeztu du Dbizik
Donostiako bizikleta sistema publikoa da Dbizi, eta etengabe hobekuntzak zein berrikuntzak sustatzen ari da. Tarteko geldialdia da gaur aurkeztu duten nobedadea. Giltzarrapo adimenduna duten bizikleta elektrikoek eskaintzen duten funtzionalitate berria da. Funtzionalitate horrekin, erabiltzaileak gehienez ere 30 minutuko geldialdia egin dezake, egiten ari den ibilbidean, Dbiziko geltoki batean aparkatu beharrik gabe.
“Sistema horren kalitatea are gehiago hobetzeko urratsak egiten jarraitzen dugu, eta funtzionalitate berriak sartzen ari gara, bizikleta publikoa izan dadin hirian mugitzeko lehen aukeretako bat. Duela gutxi Geltoki+ aurkeztu genuen, giltzarrapo adimendunari esker geltoki gehiago izateko aukera, eta orain zerbitzua osatu dugu funtzio berri honekin, zeinarekin bizikleta erakargarriago izatea eta jendeak bizikleta garraiobide gisa aukeratzea bilatzen den”, azaldu du Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak.
Zerbitzu berri hau erabili ahal izateko, aukera hau aktibatu beharko da Dbiziren aplikazioaren bidez, bidaia atalean, betiere giltzarrapoa itxi aurretik; izan ere, geldialdia aktibatu gabe ixten bada, bizikleta aparkatzea ezinezkoa izan dela jakinaraziko du aplikazioak. Kasu horretan, erabiltzaileak 2 minutu izango ditu bizikletaren giltzarrapoa irekitzeko eta aplikazio bidez tarteko geldialdia aktibatzeko.
30 minutukoa
Gehienez, 30 minutuko geldialdia egin ahal izango da, eta denbora tarte horretan bidaia irekita egongo da, erabiltzaileak bidaia Dbiziko geltoki batean edo Geltoki+ plaza batean amaitu arte.
Igor Gonzalez Dbuseko zuzendariak adierazi du ziur dagoela funtzionalitate berri hau oso ondo baloratuko dutela erabiltzaile guztiek, “denbora irabaztea ahalbidetzen duelako, enkarguak edo izapide azkarrak egiteko baliatu baitaiteke ibilbidea. Horrela, Dbizik herritarren beharretara egokitutako kalitatezko zerbitzua eskaintzeko apustua egiten jarraitzen du”.
Bizikleta elektrikoei jarritako giltzarrapo adimendunari esker garatu ahal izan da aldi baterako geldialdia, eta hori posible izan da Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren (MITMA) Europako Next Generation Funtsen bidez jasotako finantzaketarekin.