Donostia tentsio handiko udalerri izendatzeko prozedura azkartzearen alde agertu da udalbatza
EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak aurkezturiko kontrol mozioa babestu dute gainerako udal taldeek, PPk izan ezik.
Donostiako Udalbatzak konpromisoa hartu du hiria tentsio handiko udalerri izendatzeko prozedura azkartzeko. Ekaineko udalbatzarrean udal talde guztiek babestu dute EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren kontrol mozioa. PPk bi puntuko moziotik bigarrena baino ez du onartu.
Horrela, aintzat hartu dute herenegun Azorako maizterrek, Alokairu Bentaberrik eta Kaleratzeak Stopek egindako eskaera. Izan ere, Groseko lau familia kaleratze arriskuan daude Azora putre funtsak etxebizitzak uzteko gutuna bidali ondoren. Zehazki, urriaren 31rako utzi behar dituzte beraien bizitokiak. Hori gertatu ez dadin, Donostia “lehenbailehen” tentsio handiko hiri izendatzea eskatu dut. Prozedura luzatuz gero, beranduegi izan daiteke kaleratze arriskuan dauden maizter horientzat.
Udal batzar aretoan irakurritako kontrol mozioak bi puntu ditu. Lehenak honela dio: “Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio udal gobernuari ahalegin osoa egin dezala tentsionatutako hiri izendapen eskaera ofiziala iraila baino lehen aurkezteko Eusko Jaurlaritzan eta, horrek hainbat maizterren egoeran izan ditzakeen ondorioak aintzat hartuta, lehentasun osoa eman diezaiola Udalak egin beharreko prozedura administratiboari”. Bigarrenak, berriz, hauxe: “Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio udal gobernuari bitartekari lanak egin ditzala inbertsio funts edota jabe handien eta kaltetutako donostiar maizterren artean, alokairu kontratuaren amaieraren luzapena eskatuz”.