Martuteneko aparthotel berria eraikitzen hasi dira
Bost solairu izango ditu, 30 metro koadroko 73 apartamentu, eta, promotorearen arabera, 2026rako irekiko dute.
Iazko uztailean eman zion lizentzia Donostiako Udal Gobernuak Urumea Rooms enpresari Martutenen aparthotel bat eraikitzeko. Bi urteko epea ezarri zuten lanak egiteko, eta aurreikusitakoa baino urtebete beranduago hasi dituzte lanak.
Sarrueta pasealekuko 88. zenbakian dagoen lursailean eraikiko dute. Aparthotelak izar bateko kategoria izango du, bost solairukoa izango da. Guztira, 30 metro koadroko 73 apartamentu izango ditu —sukaldearekin—, eta gehienez 146 bezerok hartu ahal izango dute ostatu. Beheko solairuan terraza publikoa eta apartamentuen terrazak egongo dira, eta baita zamalanetarako gunea eta bizikletentzako aparkalekua ere. Eraikinak aparkaleku propioa izango du sotoan.
Moratoriatik kanpo
Gogoratu behar da Martuteneko 28 Industrialdearen alboan eraikiko duten aparthotela udalak iazko martxoan onarturiko moratoriatik kanpo geratu zela. Moratoria horren arabera, Antigua-Ondarreta, Ategorrieta-Ulia, Erdialdea, Gros eta Ibaetako hirigintza eremu guztietan lizentziarik emango ez zuela iragarri zuen udalak, eraikinen kalifikazioa edozein izanda ere. Hiriko gainerako eremuetan soilik bizitegi erabilera duten eraikinetan aplikatu zuela gaineratu zuten. Hau da, hirugarren sektoreko erabilera duten eraikinetan hotelak eta etxebizitza turistikoak baimendu ahal izango zituztela. Beraz, Martuteneko aparthotela salbuespen gisa hartu zuen udalak.