Martutenen herritar talde batek biolentziarako deia egin du, «buruan tiro puta bat» emateko eskatuz
Martutene auzoan lapurretak ugaritu direla aitzakia hartuta, iaztik, hainbat dira Martutene auzoan eztabaida eta polemikak. Segurtasun talde bat sortu zuten hainbat bizilagunek, “Ertzaintzak ezer egiten ez zuela iritzita”. Pauso bat urrunago joan dira orain, eta gorrotoz beteriko kartelak zabaldu dituzte auzoan, armak dituztela ohartaraziz, eta “jendilajeari” buruan tiro egiteko eskatuz.
Mezuan zehazten ez den arren, besteak beste, Agustindarren eraikinean egoera tamalgarrietan bizi diren migranteak ditu jo-puntuan talde honek aspalditik. Mezuaren bukaeran aditzera ematen denez: “Kasualitatez irakurtzen ez badakizue —eta hori oso litekeena da—, esaiozue defendatzen zaituen jende horri [testua] itzultzeko”.
Kartelak, irainez jositako hizkuntza bortitza darabil eta honela dio [gaztelera hutsean, jatorrizkoan]: “Auzotar batzuek egunerokoan potroak ukitzen ari zaigun jendaila honi jakinarazi nahi diogu behar bezalako arma-baimenak ditugula. Auzoan egunerokotasuna ezinezko bihurtzen ari diren putaseme guztiak baino arma eta munizio gehiago dauzkagula jabetzan, eta erabaki dugula gaiari buruz kartak hartzea. Ez da su-etenik egongo gure egunerokotasuna izorratzen saiatzen direnentzat, haiek aplikatzen ari diren baremo bera aplikatuko zaie, hau da, ez da Ertzaintzara deirik egingo, ezta horrelako ezer ere. Buruan tiro puta bat ezarriko zaie, eta mundu honetan inork ez duenez faltan botako horrelako gizabanako putakumerik, bistatik desagerraraziko dugu gure auzoarekin geratu nahi duten kaka zahar hori guztia”.
Lapurretak gora egin duten arren, duela aste batzuk, etxe batean adineko gizon bat lotu eta kolpatu izanak are gehiago handitu zuen auzoaren kezka segurtasunagatik. Sarroeta auzo elkarteak egoerari irtenbide “integral” bat emateko exijitu zion udalari, irtenbide polizialaz gain, zerbitzu sozialak indartu behar zirela eskatuz.
Horren harira, asko izan ziren auzo elkartearen eta bizilagun batzuen arteko talkak, kalean irainak entzun behar izan zituztela salatu zuten.