«Donostian bizi garenak Ñoñostiara ohituta gaude; baina hau ere Donostia da»
Morlansen bizi den arren, Larratxon egin dugu hitzordua Pili Velasquezekin (Lima, Peru, 1969). Zergatik Larratxon? Auzoko zapata denda daramalako berak orain: Larratxo Oinetakoak.
Familiako lagun batek zeraman Larratxo Oinetakoak denda, baina osasun arazoengatik utzi behar izan zuen, eta Velasquezek hartu zuen duela hiru hilabete eskas. «Langa oso goian utzi zuen», aitortu du: «Sari bat eman zion udalak, eta auzoan oso ezaguna eta maitatua zen. Horregatik, hasiera batean, jendea apur bat ezkorra izan da; are gehiago kontuan izanda kanpotarra naizela».
Edonola ere, dagoeneko bezeroak «irabazi» dituela dio harrotasunez Velasquezek: «Emakume helduak datoz gehienbat, eta produktu ona bilatzeaz gain, zerbitzu ona bilatzen dute. Eta gertukoa».
«Askotan, bakarrik dagoen jendea da, eta babestuak eta maitatuak sentitu nahi dute. Era berean, auzoko emakumeak dira, eta kontzientzia handia dute tokiko merkataritza babesteko. Eta horregatik ere, exijenteagoak dira», hausnartu du.
Tokiko merkataritzak komunitatea sortzen duela argi du Velasquezek: «Garberara zoaz, eta ez dakizu ezta norekin hitz egiten duzun ere. Hona, ordea, hitz egitera datoz, eta geure arazoez eta kontuez hitz egiten dugu. Nik asko maite dut! Eta esku ona daukat, buelta ematen diet», dio, barrez.
Larratxo ez da Ñoñostia
Donostian 25 urte daraman arren, Larratxora «behin ere ez» zela igo onartu du Velasquezek: «Donostian bizi garenak Ñoñostiara ohituta gaude; bizi maila bat, estetika bat… Auzora igotzeak burua zabaldu dit: hau ere Donostia da».
Auzoko emakumeen ahotik entzunda daki Larratxo «langile auzo bat dela, betidanik»: «Espainiako hegoaldetik jende mordoa etorri zen hona lanera, eta auzo identitate hori mantentzen du oraindik. Bizitza handia du auzoak, komertzio pila bat daude, eta jendeak hemen egiten du bizitza. Donostian baino bizitza handiagoa dago».
«Kulturartekotasun handiagoa dago Larratxon», Velasquezek onartu duenez: «Alokairuak baxuagoak dira, eta adibidez, kanpotik datorren norbaitentzat, bizitza berri bat egiten hasi denarentzat, askoz errazagoa da: Donostian alokairua lotsagarria da».
Artisautza Perun
Antiguan hasi zen lanean, Perutik eta Thailandiatik ekarritako bitxiekin eta eskulanekin lanean. Tamalez, «pandemia iritsi zen, eta ez nuenez inongo zorrik izan nahi, lokala utzi nuen segituan».
Perun ikasi zuen artisautza. «Argizarizko kandelak egiten nituen. Liman, lagun batek tailer bat zuen, eta bertan ikasi nuen. Ez dira kandela erabilgarriak soilik: koloreak nahasten ditut, piramideak egin… artistikoagoak dira».
Azaldu duenez, Perun oso ohikoa da jendeak eskuzko lanak egitea. Kandelez gain, harriekin lan egiten ikasi zuen eta bitxiak saltzen egon zen hainbat azoketan Velasquez. «Orain, gutxi batzuk saltzen ditut dendan, baina bezeroei zer gustatzen zaien ari naiz aztertzen», dio, barrez.
Beste bizitza baten bila
Liman bizi zenean, gida turistikoa zen eta antzerkia ikasi zuen. «Oso ezegonkorrak ziren lanak, antzerki pixka bat, turismo pixka bat… eta horrela ateratzen nuen bizitza. Horregatik, nik ez nuen nire herrialdea utzi behar ekonomikoagatik. Ni oso librea naiz, nahi dudan moduan jantzi nahi dut, inork ezer esan gabe. Horregatik, beste bizitza bat nahi nuen».
Velasquezek azaltzen duenez, Peruko gizarteko gauza batzuk ezin zituen jasan: «Emakumea izateagatik kalean astakeriak entzun behar izatea, dagoen matxismoa astakeria bat da. Eta baita arrazakeria ere: Perun, arrazakeria hemen baino gogorragoa da. Ezin nuen jasan aukera falta, nire azalaren koloreagatik soilik». Orain apur bat aldatu dela onartzen duen arren, jatorri indigena dutenek aukera gutxiago izateak «amorratu» egiten du.
Liman, mutil euskaldun bat ezagutu zuen, eta urtebetez harekin egon zen. «Lana topatu genion, eta urtebete igaro zenean, berarekin etorri nintzen Donostiara», azaldu du. «Ez dakit zer gertatu zen, baina iritsi nintzenean, kale gorrian utzi ninduen; literalki, kalean. Ezin nuen sinistu ere egin, baina aurrera egitea erabaki nuen».
Lehen lana lortzea
1999a zen, eta Velasquezek oroitzen du oso bestelakoa zela Donostia orduan: «Ez zegoen kasik migranterik, eta gehienek arraro begiratzen ninduten. Lan bila joaten nintzen eta ez zekiten ezta zer kontinentekoa nintzen ere!». Zailtasun handiak izan zituen lana lortzeko, batez ere, publikora begira ziren lanetan, «gaztelera, ingelesa eta frantsesa jakin arren». Azkenean, kaian, plater garbitzaile gisa hartu zuten: «Elkarrizketa egitera joan nintzen, eta jabeak, hasiera batean, ez zidan lanik eman nahi. Orduan, aurre egin nion, eta esan nion platerak garbitzeko ez zela ezer berezirik behar, eta zergatik ez zuen nigan konfiantzarik». Jabea konbentzituta, bere lehen lana lortu zuen, eta gutxika, joan zen bere bidea egiten hirian.
«Aurreiritzi handiak zeuden garai hartan, ez zegoelako hegoamerikarrik. Eta gaur egun, kontrakoa da: ez dago taberna bakar bat ere hegoamerikarrik gabe», dio, sarkasmoz.
Aurreiritziei aurre
Aniztasunari «beldurra» dagoela sumatzen du Velasquezek. «Bidaiatu duen jendeak gutxiago duela uste dut. Jendeak migranteak pobreziarekin eta ezjakintasunarekin erlazionatzen ditu». Aurreiritzi hori borrokatzen saiatzen da.
Badaki zer lur zapaltzen duen, eta bere egitekoa argi ikusten du Velasquezek: «Nik ez dut eraso pertsonal gisa hartzen, erronka gisa baizik: jendea hezteko beharra sentitzen dut».
«Agian, oso harroa dirudi honek, baina sentitzen dut badudala kanpotarrak errepresentatzeko ardura, eta aurreiritzien kontra egitekoa. Nik Ez ditut ghettoak maite. Ni Euskal Herrira etorri naiz, euskal herritarra izateko. Migrante gisa, gure egitekoa dela uste dut, hemengoa ere sentitzea. Beti baldin bazaude itzuleran pentsatzen, ez zara zoriontsu biziko».
Hegoamerikarren kasuan, «laguntzetatik bizitzera gatozela diotenei, argi erakutsi behar diegu, gezurrak direla. Aukera ematen badigute, lan egiten dugu».
Bera baino adibide hoberik ez da. Hamaika lan izan ditu Donostian eta inguruotan, eta beti «erronka berrien bila». Orain, Larratxon, bertako bizitzan integraturik, eta auzokideekin eguneko ikasten, eta irakasten.
Perura begiratuta, badago faltan botatzen duen gauzarik ere. «Aukera faltak eta legezkotasun faltak asko pizten dute sormena. Han badago hitz bat horretarako: cachuelear». Azaldu duenez, cachuelo bat lan puntual bat da, animalia bat zaindu, edo koilareren bat saldu edo gisa horretako lan txikiak. «Burua erne izaten dugu, cachuelo-ren bat ateratzen ez bada, guk geuk sortzeko!».
Euskal Herrian badaramatza jada 25 urte Velasquezek: «Nik argi dut. Nonbait geratu nahi baduzu, leku hori maitatu behar duzu. Nik Euskal Herria maite dut eta euskal kultura, ezin gehiago». Ez du euskaraz hitz egiten, baina bi alabek euskara ikastea nahi zuen. «Ezin da euskal kultura galdu. Guk han geure kultura galdu genuen: kitxua hizkuntza erabat gutxitu eta gutxietsia dago. Eta irudi hori dudanez, euskarari eta euskararen aldeko lanari izugarrizko balioa ematen diot».
«Inguruko herri txikietan irekiagoak direla uste dut, Donostian baino. Mendialdekoek eta baserritarrek latinoamerikarrekin gehiago konektatzen dutela esango nuke, hiritarrek baino. Gazteagoa nintzenean, asko egiten nuen lan herri txikietan, eta baserritar askok oso ondo hartu ninduten. Bigarren egunerako nirekin ezkondu nahi zutela zioten, lotsagabeak! [barrez]».
Euskal kultura eta mitologia ere maite ditu Velasquezek: «Kultura tradizional guztiek badute oinarrian komuna den zerbait. Euskaldunen eguzkiaren jainkoa, emakumezkoa zen; eta Mari, adibidez, Pachamama da. Bi kulturetan parekideak dira naturari zaizkion gurtza eta errespetua». Egun, Perun, «esnatze bat dago» bertako kultura berreskuratzeko, eta unibertsitateetan ikasten eta ikertzen ari dira kitxua eta bestelako kulturak. «Ezinbestekoa da, kultura altxor bat delako. Euskaldunek lortu zenuten euskara salbatzea, burugogorrak zaretelako. Eta hori asko maite dut».