Galiziako uretan abiatuko dute liga Donostiako hiru ordezkariek
Donostia Arraun Lagunak, eta Donostiarraren bi traineruak prest eta gogotsu daude.
Arraun denboraldia hastera doa. Galiziako uretan jokatuko dira Euskotren eta Euskolabel ligako lehen bi jardunaldiak. Estreinako estropada Coruñan jokatuko dute bihar (17:25), eta, etzi, Bueu herrian (11:25).
Donostiako hiru ordezkariak prest eta gogotsu daude. Emakumezkoetan, jokatu diren hiru txapelketak irabazi dituen Donostia Arraun Lagunak da liga irabazteko hautagai nagusia. Gainera, iazko txapeldunak dira eta lau bandera eskuratu zituzten. Donostiarrak, berriz, sasoi puntua hartu, banderen lehian sartu eta pasa den urtekoa hobetzen ahaleginduko dira. Liga hirugarren bukatu zuten, eta bi bandera irabazi zituzten. Biek beste sei talderen aurka neurtu beharko dituzte indarrak: Orio —txapeldunordea—, Tolosaldea, Hondarribia, Hibaika, Cabo eta Tiran.
Gizonezkoetan, berriz, Donostiarra iazkoa hobetzen saiatuko da. Laugarren bukatu zuten sailkapen nagusian, eta bandera bat irabazi zuten; Donostian jokaturikoa. Liga abiatu aurreko txapelketetan ikusitakoaren arabera, aurten ere Urdaibai arerio gogorrena izango da —iaz bandera gehienak eta liga irabazi zituzten—. Gainerako lehiakideak hauek izango dira: Zierbena, Hondarribia, Orio, Cabo, Getaria, Lekeitio, Kaiku, Ondarroa, San Pedro eta Bueu.