Giza proba San Martzial jaietan, hogei urteren ostean
Gaur hasi eta uztailaren 2ra arte festa giroa izango da nagusi Altzan. Altzatarra elkarteak eta iaz auzoko hainbat gazterekin sortu zuten jai batzordeak antolatu dituzte festak, elkarrekin.
Altzatarra elkartea arduratu izan da urte luzez auzoko San Martzial jaiak antolatzeaz. Elkarteko zuzendaritza batzordea bi urtean behin aldatzen dute, ordea, eta batzuentzat jaien ardura lan handiegia zela eta, denak ez ziren horiek antolatzeko prest egoten. «Altzako gazte batzuekin elkartu eta jai batzorde bat sortzea lortu dugu berriki», azaldu du Joseba Azpeitiak, Altzatarra elkarteko eta jai batzordeko kideak. Azpeitiaren arabera, aurtengoa gazteekin elkarlanean aritzen diren bigarren urtea izango da: «Lehengo urtean, oso ondo aritu ginen elkarrekin, eta espero dut aurten ere oso ondo joatea».
Iaz, garai batean egiten zen soka dantza berreskuratu zuten, eta gaur ere, jaiei hasiera emateko, horixe egingo dute, Mystic konpartsaren eskutik eta Ekialdeko Barrutiko ordezkariekin. Ondoren, brindisa egingo dute Altzako bizilagun berriei ongietorria emateko, Altza Kantuzek gidatutako kantujirarekin.
Giza proba, 20 urteren ostean
Aurtengo berritasunei dagokienez, herri kirolak antolatu dituzte berriz, aspaldiko partez. «Lehen egiten genituen erakustaldiak, baina urte batzuetan ezin izan genituen programatu. Ordea, aurten berriro sartu ditugu», zehaztu du Azpeitiak. Beraz, Izeta eskolaren eskutik, harri jasotzaileak eta aizkolariak ikusteko aukera izango da Altzan igandean, 12:30ean. Gainera, bihar, giza proba egingo dute lehen aldiz, auzoko gazteekin. «Giza proba urte batean egin zen, duela hogei urte inguru, baina ordutik ez dugu berriro antolatu, orain arte», adierazi du Azpeitiak.
Lehengo urtean lehen aldiz antolatu zuten beste jarduera bat herri bazkaria izan zen, festak auzora gehiago zabaltzeko eta jende gehiagok gozatzeko asmoz. Izan ere, lehen, batzuei iruditzen zitzaien jai hauek ez zirela oso parte hartzaileak, eta gehiago zirela Altzatarra elkarteko jendearentzat. Beraz, sagardotegi moduko bat prestatu zuten, San Martzial plazan. «Aurten ere berdintsua izango da, baina udalak traba dezente jarri zizkigun arrautzekin. Beraz, tortillen ordez, entsaladak jarriko ditugu aurten», azaldu du jai batzordekoak.
Bestalde, iaz sortu zuten jai batzordeak txosna bat jartzea pentsatu zuen, jaiak ordaintzeko dirua biltzeko. Harrera ona izan zuen, eta aurten ere bertan izango dute, eztarriak freskatu ahal izateko. «Garai batean, Tximistegieta mendizale elkarteak jartzen zuen txosna, eta iaz berriro jarri genuen. Dirua ateratzeko asmoz jarri genuen, jai batzordea zerotik hasten zelako, eta elkartean lortzen zen diru guztia jaietan gastatzen zelako. Auzoan oso aurrekontu txikia daukagu, eta jai batzordeari txosna jartzea egokia iruditu zitzaigun horri buelta emateko. Aurten, berriro jarriko dugu, eta ea horrekin dena babesteko aukera dugun», adierazi du.
Iazko arrakasta ikusita, aurten ere txosna jarriko dute sanmartzialetan, eta jaiak ordaintzeko erabili nahi dute lortzen duten dirua
Jaiak, elkarlanari esker
Azpeitiak auzoko gazteak eta Altzatarra elkartea elkarrekin lortzen ari direna nabarmendu du: «Orain arte, ez ze inor animatzen jai batzordera eta laguntzera, eta aipatu nahi dut elkarteari erraztasuna ematen digutela nahi duguna egiteko, eta Altzako gazte batzuk buru-belarri sartu direla jai batzordean. Elkarlanerako jarrera aktiboa dago, nahiz eta adin desberdinetako jendea egon».