Unai Gerra eta Jon Sanchez: «Euskal zinemako profesional gehienak Larrotxenetik pasatu dira»
Bideoaldiaren 36. edizioa antolatu du Donostiako Intxaurrondo auzoko kultur etxeak. Ikus-entzunezkoak lantzeko ikastaroak antolatzen dituzte urte osoan, eta talde irekientzako laborategi bat ere badaukate.
Donostiako Intxaurrondo auzoan dago Larrotxene Kultur Etxea. Badauka berezitasun bat: ikus-entzunezkoetan espezializatuta dagoelako da ezaguna. Bertan egin dituzte euren lehen urratsak euskal zineman arrakasta izan duten zuzendari zein bestelako profesional askok, kultur etxeak eskaintzen dituen formakuntzei esker. Aurtengoa Bideoaldiaren 36. aldia izango da, eta ikastaroetako ikasleek sortutako ikus-entzunezko lanak erakutsiko dituzte. Ekainaren 21ean izan zen bideo erakustaldia, eta pasa den ostiralean proiektu berriak aurkezteko Hitz eta Pitch egitasmoa. Unai Gerra (Donostia, 1975) eta Jon Sanchez (Urnieta, 1981) dira Larrotxeneko irakasleak.
1987an sortu zen Donostiako Larrotxene kultur etxea. Zer funtzio betetzen zuen?
UNAI GERRA: Martxan jarri zenean, ikus-entzunezkoekin lan egiteko tresneria oso garestia zen, eta eskuratzeko zaila. Inork ez zeukan etxean bideokamera on bat edo editatzeko ekipamendua, eta, beraz, Larrotxene kultur etxeak ekipamendu erdi-profesionala eskaintzen zuen, norberak bere proiektuak egin ahal izateko. Ikasturte osoko ikastaroak ere bazeuden, eta bukaeran praktika bat egiten zen: proiektu propio bat. Ikus-entzunezkoen mundua aldatzen joan da, eta, gaur egun, kontzeptu horrek ez dauka zentzurik; edonork bere etxean mugikor edo ordenagailu batekin edita ditzake bideoak. Beraz, gaur egun ekoizpen edo sormen espazio bat da Larrotxene. Aldaketa horretarako oso garrantzitsuak izan dira gidoigintzako ikastaroak. Narratiba edo kontakizunen garrantzia mahaigaineratu dugu; ikus-entzunezko bat sortzeko, garrantzitsuena da kontatzeko zerbait izatea. Beraz, gaur egun gidoigintzako ikastaroak dira enbor nagusia, eta adar asko lantzen dira ikastaro ezberdinen bidez: argazki zuzendaritza, zine zuzendaritza, musikagintza, soinua… Ikasturtearen bukaeran, ikastaroetako ikasleak hartzen ditugu ,eta pelikula bat egiteko talde bat osatzen dugu. Norbaitek bizpahiru urtean ikastaro guztiak egiten baditu, formakuntza oso zabala jasotzen du.
Ikastaroez gain, zer zerbitzu eskaintzen dituzue?
GERRA: Koprodukzioak ere egiten ditugu. Hemen daukagun jakintza guztia eta materiala prest dago ikastaroetan parte hartzen ez dutenek dauzkaten ideietan ere laguntzeko. Edonor etor daiteke ideia batekin, eta guk aholkularitza lan bat egiten dugu, eta, behar izanez gero, hemengo materiala uzten diogu proiektu hori gauzatzeko. Larrotxene inguruko ikasle, ikasle ohi eta lagunak ere laguntzeko prest egon ohi dira.
Laborategi gisa ere funtzionatzen duzue, ezta?
JON SANCHEZ: Bai. Ikusi genuen ikastaro tradizionalez gain lan egiteko beste modu batzuk behar zirela, eta laborategiko lantalde irekien formatua sortu genuen. Larrotxeneko komunitatea gonbidatzen dugu talde horietara, eta hor learning by doing metodologia erabiltzen dugu. Hau da, proiektuak sortzen dituzte taldeetako kideek, eta prozesuan sortzen diren zalantzak guztion artean argitzen joaten gara. Aurten, esaterako, animazioa landu dugu, eta teknika ezberdinen bidez animaziozko film labur bat sortu dute. Joan den urtean webserie bat sortu genuen. Guretzat, elkarlana sustatzea ere garrantzitsua da, ikusten dugulako, adibidez, gaur egungo proiektu gehienen gidoiak taldeka egiten direla. Taldean sormena lantzea desberdina da, bakarkako sormen prozesuarekin alderatuta. Ikus-entzunezkoen mundua oso azkar aldatzen ari da, eta gu ere saiatzen gara metodologia berrien bitartez aldaketa hori hona ekartzen.
Elkarrizketa hau Gipuzkoako Hitza-n eta Berria-n argitaratu da jatorrian, eta CC lizentziei esker ekarri dugu. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.