«Aparkalekuen tarifen igoera akordio zabalago baten zatia baino ez da»
Eneko Goia alkatearen ustez, udalak Telpark enpresarekin adosturikoa "mesedegarria" da donostiarrentzat.

Donostiako Udalak pasa den astean iragarri zuen Telpark aparkaleku publikoen enpresa emakidadunarekin egindako akordioa. Besteak beste, Bulebarreko, Okendoko eta Cervantes plazako (Kontxa) aparkalekuen udako tarifa %23 igotzea adostu dute bi aldeek. Erabaki horrek zalaparta sortu du, eta kritiko agertu dira erabiltzaile batzuk eta RACVN elkartea.
Kritika horien harira, Eneko Goia alkateak adierazi du hitzarmenak abantaila gehiago dituela donostiarrentzat: “Aparkalekuen tarifen igoera akordio zabalago baten zatia baino ez da. Beste zati batzuentzat abantailak daude donostiarrentzat”.
Hain zuzen ere, hobekuntza batzuk aipatu ditu Tokiko Gobernu Batzordearen osteko agerraldian. “Bertakoek bi eurogatik aparkatu ahal izango dute gauez parkingetan”, nabarmendu du Goiak. Horretarako aukera bost aparkalekutan aplikatuko dela azaldu du Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarzak: “Bulebarrean, Okendo eta Kontxan ez ezik, Katalunia plazan eta Easo plazan ere tarifa horrekin aparkatu ahalko dute bertakoek”.
Bestalde, bizikleten eta patinete elektrikoen erabiltzaileek ere aipaturiko aparkalekuak erabili ahal izango dituzte euren ibilgailuak uzteko. “Zerbitzu horiek indarrean jartzeko azpiegitura lan batzuk egin behar dira. Esaterako, bizikletentzako aparkalekuak egokitu behar dira. Eperik ezin dugu eman, oraindik”, esan du Yarzak.
Garraio publikoa
Pasa den astean adierazi moduan, Goiak berretsi du udan “jasangarriena eta erosoena” garraio publikoa erabiltzea dela: “Oro har, gure hiriak garraio publiko sistema indartsua duela gogoratu behar dut. Benetan gomendagarria da mugitzeko garraio publikoa erabiltzea. Egokiena guztiontzat garraio publikoa erabiltzea da. Hori da bidea”.