Bretxako merkataritza gunea Donostia Sustapenak kudeatuko du
Parte Zaharreko merkatua modu pribatiboan erabiltzeko administrazio emakida zuzenean adjudikatzea erabaki du udalak.
Bretxako afera “luzea eta konplexua” izatea aurreikusten zuen Donostiako Udalak, baina egungo egoera hobetzeko neurriak hartzen ari dira. Gaurko Tokiko Gobernu Batzordean adostu dute Bretxako merkataritza gunearen kudeaketa Donostia Sustapena udal sozietate publikoari zuzenean adjudikatzea. Orain gutxi arte Baika enpresa pribatuak kudeatzean zuen, baina EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk emakida bertan behera uztea erabaki zuten.
Emakida berriaren hasierako epea 25 urtekoa izango da, eta epe hori luzatzeko aukera aurreikusita dago, udalak aldez aurretik hala erabakitzen badu. Luzapen bakoitzak hamar urteko iraupena izango du. Emakidaren guztizko epea ezingo da 75 urtetik gorakoa izan.
“Emakidaren helburua da, alde batetik, Bretxako merkatuak birmoldatzeko eta eraldatzeko obrak amaitzea, eta, bestetik, merkataritza gunea garatzeko behar bezala baimendutako instalazioak eta eranskinak kudeatzea, ustiatzea eta aprobetxatzea”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Emakidadunak bere kontura egin beharko ditu aurreikusitako obrak, berez edo azpikontratazio bidez, eta udalak finantzatu ondoren. Horrekin batera, emakidadunak, Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzaren laguntzarekin, Bretxan lanean jarraitu nahi duten okupatzaile eta handizkariekin negoziatu beharko ditu sinatu beharreko errentamendu kontratu berrien baldintzak. Kontratu berrien baldintzei buruzko akordiorik lortzen ez bada, aurreko emakidadunak instalazioak udalari entregatzeko unean, okupatzaileek eta handizkariekin harekin izenpetuta zituzten errentamendu kontratuak iraungiko dira.
Emakidatik kanpo gune hauek geratzen dira: Arkuak eraikineko Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren Aldamar kaleko lokalak, Arrandegia eraikineko kirol instalazioak, baserritarrak kokatuko diren markesinaren zatia —izkinetako bi establezimenduak bai sartzen dira emakidan—, Arkuak eta Arrandegia eraikinen arteko plazatxoa, Arrandegia eraikineko anbulatorioa —Osakidetzak kudeatzen duena—, eta Arkuak eraikineko sotoko solairuko 167,98 metro koadroko biltokia.
Emakida doakoa da. Hala ere, emakidadunak gastu komunak, hornidurei dagozkien kontsumoak eta ohiko mantentze eta kontserbazio gastuak ordaindu beharko ditu, eta gastu komunak emakidadunarekin elementu komunak partekatzen dituzten gainerako erabiltzaileei jasanarazi beharko dizkie.