Sarroeta auzo elkartearen ustez, «oso interesgarria» da Agustindarren eraikina lanbide heziketarako erabiltzea
Eusko Jaurlaritzak Ortzadar lanbide heziketako zentroari saldu dio Martuteneko Agustindarren eraikina, hogei urtez erabilerarik gabe egon dena. Horren harira, Martuteneko Sarroeta auzo elkartea pozik agertu da, aspalditik eskatzen ari baitira eraikin hori erabilera emateko: “Asko pozten gaitu albiste hau zuekin partekatzeak. Asko pozten gaitu eraikinak hezkuntza erabilera izaten jarraitzeak. Izan ere, lanbide heziketako zentroa izatea askotan eskatu eta negoziatu duguna izan da. Auzorako oso interesgarria den erabilera izango du. Martutenek merezi du! Orain lanean jarraitzea eta epeak betetzeko gainean egotea dagokigu”, azaldu dute, auzotarren artean zabaldutako mezu batean.
Bere garaian ikastetxe izandako eraikin hori utzita eta degradatuta dago aspalditik, eta kale egoeran dauden pertsona ugari bizi dira bertan. Horrela, auzoan gertatutako zenbait lapurreta eta eraso tarteko, bizikidetza arazoak sortu dira auzoan eta segurtasun faltaren sentipenak ere gora egin du, gertaera horien eta gorroto diskurtsoen zabalkundearen ondorioz. Horregatik, eraikin horri erabilera bat ematea —nahiz eta ez duten eperik zehaztu— albiste ona da auzoarentzat. Hala ere, Sarroeta auzo elkarteak denbora darama “irtenbide integrala” eskatzen, eta argi dute eraikin abandonatuei erabilera ematea irtenbidearen zati bat dela, baina ez irtenbide osoa.
Hain zuzen ere, gaiaren inguruko erreportaje zabala ondu zuen hedabide honek ekainean, eta auzo elkarteko Laida Etxeberriak nabarmendu zuen irtenbide integralak hiru zutabe eduki behar dituela: “Alde batetik, prebentzioa: eraikin abandonatuak ez edukitzea, argiztapen eta irisgarritasun egokia edukitzea, eta abar. Bestetik, esku hartzea: ez dakigu zenbat pertsona dauden eraikin horietan, zein egoeratan bizi diren, zer polizia historia duten, eta abar. Azkenik, inbertsioa eskatzen dugu, gizarte zerbitzuetan eta politika sozialetan”.