Bretxa publikoa eta auzotarra izatea eskatu dute
370 lagunek parte hartu dute Parte Zaharreko EH Bilduk egindako galdeketan: "Argi geratu da bizilagunek auzoaren erabakietan parte hartu nahi dutela".
Parte Zaharrak auzo gisa “gabezia nabariak eta aspaldikoak” dituela dio Parte Zaharreko EH Bilduk. Batez ere, azpiegitura egokiak falta direla nabarmendu dute. “Gainera, azken urteotan auzoak jasan duen kontrolik gabeko turistifikazio prozesuak are gehiago kaltetu du bizilagunen bizi kalitatea”, deitoratu dute.
Aipaturiko gabezia horiei aurre egiteko, EH Bilduren ekimenez, 2015ean Bretxako merkatua kudeaketa publikoaren esku geratu zen, “eta horrek auzoaren aspaldiko beharrei erantzuten hasteko bidea ireki zuen”. Ordea, urtebete beranduago EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak eraikina berriz ere esku pribatuetan utzi zuela salatu du EH Bilduk. “Horrek guztiak kolokan jarri du azken urteetako kudeaketa ereduaren bideragarritasuna eta egokitasuna, eta egungo udal gobernua esku hartzera behartu du”, nabarmendu dute.
Ondorioz, udalak bere gain hartu du Bretxako merkatua osatzen duten Arrandegi eta Arkuak eraikinen zuzeneko kudeaketa. “Udalak bi eraikinak berreskuratu eta espazio horien zuzeneko kudeaketa bere gain hartzeak aukera leiho bat ireki du auzoarentzat”, dio EH Bilduk.
Parte Zaharreko galdeketa
Testuinguru horretan, Parte Zaharreko EH Bilduri “ezinbestekoa” iruditu zitzaion bizilagunei “hitza ematea”, eta, horretarako, galdeketa bat egitea erabaki zuten. “Guztion artean lehentasunen zerrenda bat osatzeko, eta udalari auzoak dituen eskaera ugariei behingoz erantzunak eskatzeko”, azaldu dute. Kontsulta galdetegi baten bidez egin zuten apirila eta maiatza artean.
Orotara, 370 lagunek parte hartu dute galdeketan; horietatik, 295 (%79,73) dira auzotarrak. Kontsultak zortzi aukera eskaintzen zituen, eta bizilagunek bat baino gehiago hautatu ahal izan du. “Galdeketaren emaitzek argi eta garbi adierazten dute auzokideen lehentasun nagusiak kirolari eta eguneko zentroari lotutakoak direla. Zehazki, aukera bozkatuenak erabilera anitzeko gimnasio publikoa (% 66,22) eta kalitatezko eguneko zentroa (% 57,57) izan dira”, adierazi du udal taldeak.
EH Bilduren arabera, “argi geratu da bizilagunek auzoaren erabakietan parte hartu nahi dutela”. Horrekin batera, uste dute “aukera errealak ireki” direla “behingoz” udalak auzoaren behar historikoei erantzuteko.
Emaitzen aurkezpena
Atzo arratsaldean, Parte Zaharreko EH Bilduren ordezkariek eta auzoko bizilagunek zein erabiltzaileek agerraldia egin zuten udaletxearen aurrean. Ion Cuende Parte Zaharreko EH Bilduko kidea eta Urko Amas eguneko zentroko erabiltzaile baten senidea arduratu ziren galdeketaren emaitzen berri emateaz, eta Donostiako Udal Gobernuari hainbat eskaera luzatzeaz.
Zehazki, lau dira eskakizunak: “Parte Zaharreko beharrei erantzutea, behingoz. Eta, zehazki, bizilagunek lehenetsitakoei, hau da, erabilera anitzeko gimnasio publikoari eta kalitatezko eguneko zentroari, une honetan horretarako benetako aukera baitago; Bretxaren kudeaketa publikoa auzoaren eta auzotarren beharrak asetzera bideratu dezala, espazioak eta ekipamenduak horien arabera egokituz; Arrandegi eraikinean dagoeneko martxan dauden zerbitzu eta ekipamenduen ageriko gabeziak eta arazoak konpon ditzala, hala nola anbulatoriokoak edo kirol instalaziokoak; eta Bretxako nahiz anbulatorio zaharreko espazio libreen erabilera posibleei buruzko erabakiak auzotarrekin eta auzoko eragileekin hartu eta adostu ditzala”.