Bretxaren kudeaketa publikoa bermatu dute
Bretxako merkataritza gunearen kudeaketa Donostia Sustapena udal sozietate publikoari zuzenean adjudikatzea erabaki du udalak. Merkatu inguruan dauden lanak berriz abiatzea du helburu.
Bretxako afera «luzea eta konplexua» izatea aurreikusten zuen Donostiako Udalak, baina egungo egoera hobetzeko neurriak hartzen ari dira. Astearteko Tokiko Gobernu Batzordean adostu zuten Bretxako merkataritza gunearen kudeaketa Donostia Sustapena udal sozietate publikoari zuzenean adjudikatzea. Orain gutxi arte Baika enpresa pribatuak kudeatzean zuen, baina kontratua bete ez zutenez, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk indarrak batu zituzten iragan otsailean, emakida bertan behera uzteko.
Emakida berriaren hasierako epea 25 urtekoa izango da, eta epe hori luzatzeko aukera aurreikusita dago, udalak aldez aurretik hala erabakitzen badu. Luzapen bakoitzak hamar urteko iraupena izango du. Emakidaren guztizko epea ezingo da 75 urtetik gorakoa izan. Emakida doakoa da. Hala ere, emakidadunak gastu komunak, hornidurei dagozkien kontsumoak eta ohiko mantentze eta kontserbazio gastuak ordaindu beharko ditu, eta gastu komunak emakidadunarekin elementu komunak partekatzen dituzten gainerako erabiltzaileei jasanarazi beharko dizkie.
«Emakidaren helburua da, alde batetik, Bretxako merkatuak birmoldatzeko eta eraldatzeko obrak bukatzea, eta, bestetik, merkataritza gunea garatzeko behar bezala baimendutako instalazioak eta eranskinak kudeatzea, ustiatzea eta aprobetxatzea», azaldu du Eneko Goia alkateak.
Emakidadunak bere kontura egin beharko ditu aurreikusitako obrak, berez edo azpikontratazio bidez, eta udalak finantzatu ondoren. Horrekin batera, emakidadunak, Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzaren laguntzarekin, Bretxan lanean jarraitu nahi duten okupatzaile eta handizkariekin negoziatu beharko ditu sinatu beharreko errentamendu kontratu berrien baldintzak. Kontratu berrien baldintzei buruzko akordiorik lortzen ez bada, aurreko emakidadunak instalazioak udalari entregatzeko unean, okupatzaileek eta handizkariek harekin izenpetuta zituzten errentamendu kontratuak iraungiko dira.
Emakidatik kanpo, gune hauek geratzen dira: Arkuak eraikineko Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren Aldamar kaleko lokalak, Arrandegi eraikineko kirol instalazioak, baserritarrak kokatuko diren markesinaren zatia —izkinetako bi establezimenduak bai sartzen dira emakidan—, Arkuak eta Arrandegia eraikinen arteko plazatxoa, Arrandegia eraikineko anbulatorioa —Osakidetzak kudeatzen duena— eta Arkuak eraikineko sotoko solairuko 167,98 metro koadroko biltokia.
Aldamar eta San Juan kaleak
Udal gobernuak Bretxa ingurua urbanizatzeko tramitazioa errazteko urratsa egin zuen apirila bukaeran. Atzerapenak atzerapen, Iñigo, Aldamar eta San Juan kaleetako obrak ahalik eta azkarren hastea dute helburu. Horrela, lan horiek kontratatzeko espedientea onartu zuten. Obrak egikaritze subsidiarioaren bidez egingo dira —udalak bere gain hartuz, baina Baika enpresa emakidadunak ordaindu beharko du—. Lizitazio aurrekontua 657.408 eurokoa da, eta lanak egiteko epea, berriz, hamabi astekoa.
Baika enpresak lizitazio horren kontrako helegitea aurkeztu zuen, baina Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) baztertu egin zuen ekaina hasieran. Horrez gain, Baika enpresak abuztu bukaerarako Bretxako instalazioak hustu beharko ditu, emakida iraungitzat jo ondoren. Agindu hori betetzen ez badute, kalte ordaina jasotzeko eskubidea galduko dute, eta legeak aginduta utzi beharko du.
Hiru esku hartze
Hiru esku hartze aurreikusten ditu Arrandegi eraikinaren ingurua urbanizatzeko proiektuak. Alde batetik, Iñigo kalean, ibilgailuentzat diren zonetan, zoladura berrituko dute, galtzadako kota espaloiaren kotaraino igo eta eremuari oinezkoentzako izaera emateko helburuarekin. Bestetik, Bretxako plazako argiteria eta zenbait sareta eta zoladura hobetuko dituzte, baita Arrandegi eraikineko zenbait hobekuntza egin ere.
Horrekin batera, Aldamar kalea berriz urbanizatuko dute, ibilgailuentzat zein oinezkoentzat eremuaren baldintzak hobetzeko. Hain zuzen ere, Aldamar kalean du sarbidea Parte Zaharreko osasun zentro berriak, eta irisgarritasuna bermatzeko ezinbestekoa da ingurua egokitzea.