Sergio Gomez kataluniarra izango da Realaren aurreneko fitxaketa
Txuri-urdinek 9 milioi inguru ordainduko dizkiote Manchester Cityri ezker hegaleko jokalariarengatik.
Realak ofizialki baieztatu ez badu ere, hedabide askok ziurtatu dute Sergio Gomez izango dela 2024-2025 denboraldirako lehen fitxaketa. Badalonakoa da, 23 urte ditu, ezker hegalean jokatzen du —defentsa lanetan eta erasoan aritu ohi da—, eta Manchester City ahalguztiduna utzita etorriko litzateke. Txuri-urdinek 9 milioi inguru ordainduko dituzte Gomezengatik, eta sei urteko kontratua sinatuko duela aurreratu dute.
Gaztea izanik ere, futbolean ibilbide luze samarra darama. Trajana, Badalona eta Espanyol taldeetan ibili ondoren, Bartzelonako haztegiarekin bat egin zuen 2010ean. Gerora, ordea, Alemaniako Borussia Dortmund, Espainiako Huesca eta Belgikako Anderlech taldeetan aritu zen. 2022an Ingalaterrako Manchester Cityk fitxatu zuen, eta han egin ditu azken bi denboraldiak. Pep Guardiolaren aginduetara minutu gutxi jokatu ditu.
Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartuko du Espainiako Selekzioarekin, eta han Realeko beste bi jokalarirekin ariko da: Jon Pacheco eta Beñat Turrientes.