Gizon bat atxilotu dute asteburuan Donostian, pertsona bati labankadaz eraso egiteagatik
Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen larunbatean Martutenen, pertsona bat labankadaz zauritu izana leporatuta. 39 urte ditu atxilotuak, eta epailearen esku dago orain.
Gauerdi inguruan jaso zuen Ertzaintzak abisua, eta, bertaratu zirenean, aurpegian, buruan, bizkarrean eta eskuetan arma zuriz egindako zauriak zituen gizon bat aurkitu zuten, Segurtasun Sailak azaldu duenez. Anbulantzia bat bertaratu zen horregatik, eta lehen laguntza jaso ondoren, Donostiako ospitalera eraman zuten zauritutako pertsona. Ordu batzuk geroago, ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuten.