Hiru bisita gidatu egingo dituzte uztailean eta abuztuan Artikutzan
Donostiako Udalak eskaintzen duen Artikutza Natura programa barruan, Artikutzara joateko hiru bisita gidatu programatu dituzte uztailean eta abuztuan; bi uztailean izango dira, eta bat abuztuan.
Lehenengoa uztailaren 14an egingo dute, eta Eskas, Elutsa eta Erroiarri bisitatuko dituzte, bederatzi kilometro inguruko ibilbide batean. Eskasetik abiatzen den ibilbide zirkular honek, balizatutako bi bide elkartzen ditu. Eskasetik hasita, Napar Bidetik abiatuko dira Burnaiztegiko leporaino. Handik, Bidango zabalera iritsiko dira, eta bertan harrespilak eta historia aurreko aztarna ezberdinak ikusteko aukera izango dute. Elutsako leporaino hurbilduko dira hamaiketakoa egitera, tokiak eskaintzen duen Artikutzako basoaren ikuspegiaz gozatzen duten bitartean.
Eskasera bueltatzeko, beheranzko bidea hartuko dute Elizmendiko bide nagusiarekin topatu arte. Bide horrek Erroiarriko ur-jauzia ikusteko aukera eskainiko die, eta izen bereko errekasto ederra ere bai. Egurrezko bi zubitxo zeharkatu eta gero, gora egin eta berehala errepidera aterako dira.
Artikutzako auzoa eta Ugaldeko presa
Bigarren txangoa Artikutzako auzoa eta Ugaldeko presa ezagutzeko baliatuko dute, uztailaren 21ean. Sei kilometro inguruko ibilbide laua eta erosoa da. Artikutzan hasiko dira, ibaiaren ibilguari jarraituz. Donostia urez hornitzen zuen kanalaren gainean ibiliko dira, eta funtzio horrekin lotutako hainbat instalazio ikusiko dituzte. Ugaldeko presan ibaia gurutzatuko dute beste ertzetik itzultzeko.
Pertseidak
Azkenik, abuztuaren 10ean, eguraldiak laguntzen badu, pertseidak ikusteko bisita gidatua egingo dute. Garai honetan pertseidek sortutako meteoroen euria ikusteko aukera dago. Ilunabarra baino lehenago abiatuko dira Eskasetik, errepidean gora, Bianditzeko leporantz. Lepora iritsita, errepidea utzi eta larre zabalak zeharkatuz gora egingo dute Bianditzeko tontorreraino.
Ilunabarrean tontorrera iritsita, Kantauri itsasoko kostaldea ikusiko dute alde batera eta Pirinioak bestera. Handik eguzki etzatea ikusiko dute. Mokadutxo bat jan eta ilundu eta gero, eguraldia lagun, izar mantua eta pertseiden euria ikusteko aukera izango dute. Jarraian, igotako tokitik jaitsiko dira irteera punturaino.
Bisitaldi gidatua egin nahi izanez gero, erreserba egin beharra dago bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen. Hemen ikus dezakezue informazioa osorik.