Pilotegik Murgil ordezkatuko du aurtengo Klasikoan, eta Zurriola izango da irteera eta helmuga
Aurkeztu dute aurtengo Donostiako Klasikoa, eta berritasunak izango ditu ibilbidean, antolatzaileek azaldu dutenez, “errepideetan egindako aldaketengatik eta segurtasunagatik”. Abuztuaren 10ean izango da lasterketa, Aste Nagusia hasiko den egunean, eta horrek ere eragina izan du Klasikoaren antolaketan.
Bulebarrean hasi eta bukatu ordez, Zurriolan egongo da lasterketaren irteera eta helmuga, Kursaalaren aurrean, Aste Nagusiaren hasierako Bulebar inguruko ekitaldiengatik (kanoikada Alderdi Ederren, txupinazoa kaian, eta abar). 236 kilometro izango ditu lasterketak, iaz baino sei gehiago, eta zazpi mendate puntuagarri igoko dituzte txirrindulariek: Andazarate, Azkarate, Urraki, Alkiza, Jaizkibel, Erlaitz eta Pilotegi.
Hor dago, hain zuzen ere, aurtengo beste berritasun nagusia, Igeldora Murgiletik igo ordez, Pilotegitik igoko baitira. “Pilotegi Murgil edo Bordako tontorra bezalako igoera da edo are gogorragoa ere bai, bertako maldak %27rainokoak dira eta”, nabarmendu dute antolatzaileek. Bestalde, bitarteko bi esprint egongo dira: batetik, helmugatik lehen aldiz igarotzean kokatutakoa; eta, bestetik, kontrahelmugatik igarotzean, 219,5 kilometroan kokatutakoa.