Etxe turistikoak alokairuaren merkatura bideratuko balira, %10,82 handituko litzateke alokairuaren eskaintza Donostian
Etxe turistikoek alokairuaren merkatuan duten pisua aztertu dute, eta hainbat datu adierazgarri gelditu dira agerian.
Alquiler Seguro fundazioaren Alokairuaren Behatokiak Espainiako Estatuko zenbait hiritako etxebizitza turistikoen inguruko ikerketa egin du, besteak beste, etxebizitza turistikoek alokairuaren merkatuan duten pisua aztertuz. Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) eta Airbnb plataformaren datuak erabilita egin dute azterlana.
Donostiaren kasuan, ikerketaren arabera, 1.798 etxebizitza daude Donostian, eta alokairu arruntera bideratuko balira, alokairuaren merkatuko eskaintza %10,82 handituko litzateke. Hain zuzen ere, ikerketako datuen arabera, guztira, 94.731 etxebizitza daude hirian, eta, horietatik, 14.817 daude alokairura bideratuta. Horrela, etxe turistikoak bizitegi erabilerako alokairura bideratzeak handitu egingo luke eskaintza, baina ikerketako ondorioetan nabarmendu dute horrela ere ez litzatekeela nahikoa izango Donostiako etxebizitzaren arazoa konpontzeko.
Agerikoa da hori, izan ere, eskaria handiagoa da: soilik Ibaetako eta Illarrako etxebizitza proiektuetan, 7.000 eskari daude etxebizitza babestuentzako, eta beste 7.000 etxebizitza libreak erosteko. Hala ere, agerikoa da, baita ere, etxebizitzaren arazoa laguntzeko pauso bat izango litzatekeela 1.798 etxebizitza gehitzea alokairuaren merkatura, prezio eskuragarrietan edo alokairu sozialeko erregimenean baldin bada, betiere. Ildo horretatik, hainbat hiritan hasi dira etxe turistikoak debekatzeko neurriak aplikatzen —New Yorken eta Bartzelonan, kasu—, eta Bizilagunekin plataformak zenbait neurri egingarri proposatu zituen iaz.
Era berean, ikerketatik beste datu esanguratsu batzuk atera daitezke. Alde batetik, ikerketak dio Donostiako 15.399 etxebizitza ez direla euren jabeen lehenengo etxebizitzak; alegia, etxe horien jabeek beste etxebizitza batzuk dituztela. Bestetik, ikerketak ez du jasotzen, baina INEren 2021eko datuen arabera (horiek dira eskuragarri dauden azkenak), Donostian 5.522 etxebizitza huts daude. Horrela, esaterako, etxebizitza hutsetan (5.522), etxebizitza turistikoetan (1.798) eta jabeen lehenengo etxebizitzak ez direnetan (15.399) esku hartuz gero, Donostiako etxebizitzaren arazoa konpontzeko edo, gutxienez, arintzeko pausoak emango lirateke, espazio libreak okupatu beharrik gabe.