Bizikletak loratuko dira
Udak sakatu du azeleragailua, eta balaztarik gabe doaz autoak hirian barrena. Donostian, gero eta gutxiago kabitzen direlakoan, hainbat neurri hartu eta ezarri ditu udalak. Ilara luze batean topa ditzakegun askotariko iritzien parekoak dira neurri horien inguruko irakurketak. Hau da, harturiko erabakiak egokiak, balekoak, kritikagarriak eta zorrotzegiak dira. Beraz, udalak eta aparkaleku publikoen emakidadunak adosturikoarekin asko ez daude ados.
Auto-kraziaz harago, badira hirian mugitzeko beste ibilgailu batzuk. Garraio publikoaren erabilera aldarrikatu du Eneko Goia alkateak. Aldiz, bizikleta nahiago du Odon Elorza alkate ohiak. Azken batean, bizikletak udarako dira, ezta? Asko dira dagoeneko hiriko kaleetan loratu direnak, eta askoz ere gehiago izango dira datozen asteotan. Bizikletek ere aparkalekuak behar dituzte, eta izango omen dituzte. Hori bai, autoek baino gutxiago. Beraz, bai, loratuko diren bizikletak ez ditzatela lorez eta landarez estali.