Herri bazkaria bueltan, Groseko Zipotzetako ostiralean
Hilaren 18tik 21era egingo dituzte aurten Zipotz jaiak Grosen, eta egitarau zabala prestatu dute; betiko ekintza tradizionalez gain, lehendik egiten ziren beste batzuk ere ekarriko dituzte auzora.
Jai batzordean sartu diren gazteak jarduerak antolatzeko gogoarekin daudela aitortu du Kai Kerexeta jai batzordeko kideak: «Blusa tailerrak antolatzen ari dira, besteak beste, auzoko kuadrilla guztiek beraiena izan dezaten», azaldu du. Auzo elkartean josteko makinak eta patroiak gordetzen dituzte, eta horiek baliatuko dituzte kuadrillek, elkarlanean aritu ondoren, dotore janzteko.
Betikoa bueltan
Lehen egiten zituzten jarduerak berreskuratuko dituzte aurten (herri bazkaria, kasu), uztailaren 18tik 21era, eta betikoak ere ekarriko dituzte auzora: txupinazoa, haur danborrada, elektrotxaranga (iaz berreskuratu zuten), pintxo lehiaketa… azken hori, ordea, larunbatean soilik izango da aurten.
Herri bazkariaren kasuan, pandemia garaian erabaki zuten egitarautik kentzea, ezarritako segurtasun neurriak zirela medio; hortaz, beste alternatiba batzuk bilatu behar izan zituzten, eta orduan hasi ziren pintxo lehiaketa antolatzen. Aurten, ordea, biak izango dituzte jaietan; bazkaria ostiralean, eta pintxo lehiaketa larunbatean.
Iazko haur danborradak errekor guztiak hautsi zituela adierazi du Kerexetak. Haurrak jaien alde garrantzitsu bat direla aitortu du, eta, beraz, eurentzako jarduerak ere egingo dituzte, beren espazioa izan dezaten. Hala, aurpegi eta kamiseta margoketa, herri kirolak eta abar izango dituzte jaietan.
Igandeko euskal jaiak ere badira Zipotzetako ezinbesteko bat; igandean ospatuko dituzte, ohi bezala, eta baserritarrez janzteko deialdia egin dute. Gainera, Garagune elkartearen partaidetza nabarmendu nahi izan du Kerexetak; betidanik lagundu izan die elkarteak jaietan, eta aurten, egitarauaren parte ere izango dira. Hamaiketako bat egingo dute eurekin, ostiralean.
Auzotik, auzoarentzat
Jaiak auzoaren parte garrantzitsu bat direla azaldu du Kerexetak; dagoen komunitatea indartzeko aitzakia perfektua. Urte guztian zehar auzoan bizi direnen arteko saretzea lortzea, eta jai euskaldun eta parekideak antolatzea da helburua: «Jaiak dira komunitate hori bizirik dagoenaren erakusgarri». Hala ere, komunitate hori hautsi nahi dutela salatu du: «Turistentzako auzo bat egin nahi dute, eta horrek gure komunitateari galera handia eragiten dio». Ilusioa antzematen da auzoan, gogoa, eta, esan duenez, ez da soilik jai batzordearen kontu bat; izan ere, auzoari behar dituen baliabide guztiak eskaintzea da beren lana, ez dena antolatzea. «Auzoak antola ditzala bere jaiak, gu laguntzeko egongo gara».
Jaietan ondo pasatzea izan da beti beren helburua, jaiak sentitzea. Auzoko komertzio eta eragile askok laguntzen dute horretan, eta oso eskertuta dago jai batzordea: «Jaiak auzotik eta auzoarentzat izan daitezela!»