Seitik seiak irabazi dituzte
Donostia Arraun Lagunakek Bilboko eta Sestaoko banderak astindu ditu asteburuan, eta Donostiarrako neskak ere maila onean aritu dira.
Itsasoan, ibaian, parez pare zein erlojuaren kontra. Donostia Arraun Lagunakek dena irabazi du arraun denboraldia hasi zenetik. Txapelketa guztiak ez ezik, emakumezkoen Euskotren Ligan jokaturiko sei banderak ere astindu dituzte. Arraun eremuek eta kale zozketek ez dute Lugañenea traineruaren bolada paregabea eten. Larunbatean Bilboko bandera eskuratu zuten, erlojuaren kontrako estropadan. Atzo, berriz, Sestaokoa ere irabazi zuten. Lidergoa sendotu dute 48 punturekin.
Donostiarrako neskak ere ondo aritu dira asteburuko bi estropadetan. Bigarren sailkatu ziren larunbatean, eta hirugarren atzo. Horrela ere, sailkapen nagusiko laugarren tokian daude, 33 punturekin. Orio (37 puntu) eta Tolosaldea (35 puntu) dituzte aurretik.
Eusko Label Ligan, berriz, Donostiarrako mutilek ez dute lortu lau onenekin aritzea. Bosgarren izan dira asteburuko bi estropadetan. Aldiz, Zierbenak ezustekoa eman zuen Bilboko banderan, erlojuaren kontrakoa irabazita. Hau da, Urdaibai liderrari irabazita. Dena dela, atzo Bermeokoek beraien maila erakutsita lortu zuten denboraldiko bosgarren bandera.
Euskotren Ligako 5. jardunaldiko emaitzak.
Euskotren Ligako 6. jardunaldiko emaitzak.