Turista taldeek 25 pertsonako muga gainditzen dutela ohartarazi du EH Bilduk
Udal taldeak turisten bisita gidatuak arautzeko neurriei buruzko interpelazio bat aurkeztu du Donostiako Udaleko Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordean.
Apirilaren 10etik dago indarrean turista taldeak arautzeko neurria, Donostiako Udalak gida turistikoez arduratzen diren enpresekin adosturikoa. Besteak beste, turista taldeak gehienez 25 pertsonakoak izan behar dira. Ordea, EH Bilduk ohartarazi du muga hori ez dela errespetatzen: “Neurria ezarri zenetik hiru hilabete baino gehiago igaro diren honetan, ez dago 25 pertsona baino gehiagoko turista taldeekin gurutzatzen ez garen egunik”.
Hori dela eta, EH Bilduk gai horren inguruko interpelazioa aurkeztu du gaur goizeko udaleko batzordeetan. Udal taldeak berak jakinarazi duenez, EAJk aitortu du neurri hori ez dela betetzen. “Udaltzaingoak egindako esku hartzeei dagokionean, berriz, adierazi dute gaur-gaurkoz egindako bakarra talderen bat desegitea izan dela, hau da, sakabanatzea. Hala ere, eta ez betetzeak izan badira ere, ez da oraindik isunik jarri. Udal gobernuaren asmoa da uda eta udazkenean informazioa biltzea hurrengo urratsak zehazteko”, azaldu du EH Bilduk. Bigarren aldiz galdetuta, udal taldeak dio Jon Insausti jeltzaleen bozeramaileak hartu duela hitza, eta erantsi duela neurria indarrean dagoenez, zigorrak jarriko direla.
EH Bilduren ustez, “Donostiak ezin du beste udara bat igarotzen utzi” turismoaren hazkundeak “eragindako kalteak” zuzentzeko eta leheneratzeko “neurri eraginkorrak” hartu gabe: “Gida turistikoen kasuan, neurria hartuta dago, baina ikusi dugunez nekez betetzen ari da. Eta hori da, oro har turismoarekin gertatzen dena hiri honetan: neurriak hartzen direla iragarri bai, baina gero horiek betearazteko borondaterik ez dago. Gauzak honela, eta egoerari irtenbide bat eman asmoz, datorren asteko udalbatzarrean kontrol mozioa aurkeztuko dugu”.