332 arrantzale erretiratu omendu dituzte udaletxean
Gipuzkoako Arrantzale Zaharren omenezko ekitaldia egin dute gaur, Karmen egunean. Ekitaldia Donostiako Udaletxean izan da, eta erretreta hartu duten 332 arrantzaleren lana goraipatu dute, besteak beste. Udaletxeko udal batzar aretoan 130 arrantzale erretiratu egon dira, Donostiako Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera.
Modu sinbolikoan, zortzi opari banatu dituzte portu bakoitzean adin handiena duten arrantzaleei eta saregileei. Ondoren, Kofradia Itsas Etxean geratu dira baxurako arrainean oinarritutako hamaiketakoa egiten. Agintariak, berriz, Isturiz itsasontzira igo dira, eta Karmengo Ama Birjinari lagundu diote Kontxako badian zehar egindako prozesioan, Donostiako Karmengo Ama Arrantzaleen Kofradiak antolatuta.