Ibon Martinen 'Kaioen ordua' eleberria euskaratu du Aiora Jakak
Hondarribiko alardeko desfilean gertatutako hilketa baten inguruko ikerketa kontatzen da nobelan. Elkar argitaletxeak plazaratu du itzulpena. Jakak Martinen beste bi nobela beltz ere euskaratuak ditu aurretik.
«Nire lagun min bihurtu da Ane Cestero». Ez da gutxiagorako, Ibon Martin idazlearen (Donostia, 1976) nobela beltzen seriearen protagonista baita. Ertzaintzako ikertzailea da Cestero, eta Euskal Herriko hainbat txokotan gertatzen diren hilketa kasuetan aritzen da. Horietako bat da Kaioen denbora eleberri beltza (Elkar, 2024), eta Aiora Jakak euskarara ekarri berri du. Istorioa Hondarribian (Gipuzkoa) girotua dago, irailaren 8ko alardean. Jaizkibel konpainiarekin desfilatzen duen emakume bat hilko dute, desfilatzen ari den bitartean.
Jakak lehen eleberritik izan du aukera Cesteroren abenturak euskarara ekartzeko —Isiltasunaren itsasargia (Elkar, 2019) eta Tulipen dantza (Elkar, 2022)—. «Ibonen Itzultzaile partikularra» dela esan du, barrez. Izan ere, idazlearen nobelez gain, Onin haurrentzako liburu bilduma ere itzuli du. Martinen estiloa jada ezaguna zaiola esan du itzultzaileak, eta «luxutzat» dauka hori.
Lan bat jatorrizko hizkuntzatik euskarara ekartzean, arrotzak suertatzen diren elementu horiek «etxekotzea» izaten da erronketako bat Jakarentzat. Oraingoan, ordea, istorioa Euskal Herrian girotua dagoenez, ez du halakorik egin behar izan. «Atsegina izan da hemengo kontuak hemengo jendearentzat kontatzea», esan du, eta Martinek, berriz, goraipatu egin du itzultzaileak beraren ahotsa euskaraz jartzeko egin duen lana. «Aioraren itzulpenak irakurtzean, nire hitzak topatzen ditut: hori izugarria da».
Eduki hau Berria-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.