Zaporeak proiektuaren aldeko botila dotoreak, enkantean
Zaporeak proiektuko Peio Garcia Amianoren eta Cellars Art and Fashion moda, artea eta gastronomia proiektuko zuzendari Ramon Veraren arteko ustekabeko topaketa batek eragin du gaur Maria Cristina hotelean aurkeztu duten proiektu solidario berria: dotore “jantzitako” botilak aterako dituzte enkantera, Zaporeak elkartearen alde.
Proiektu horrek egunero 3.000 bazkari emango dizkie Lesbosen (Grezia) soroetan gaizki bizi diren errefuxiatuei. Hala, hogei artista, diseinatzaile eta chef esanguratsuk baino gehiagok hartuko dute parte proiektuan. Artistek, diseinatzaileek eta chefek aukera izango dute ardo, cava edo txakolin botila batzuk askatasun osoz “jantzi” edo margotzeko. Dagoeneko hogei lagunek baino gehiagok eman dute izena, eta horietako batzuek, dagoeneko, diseinatu dituzte botilak.
Botila horiek estatuko hainbat tokitako upategietan erakutsiko dira, eta urtarrilean enkantean jarriko dira Madrilen, 2.500 euroko hasierako prezioarekin. Hala, bildutako guztia Zaporeak elkartearen alde izango da.
Artista ezagunak, proiektuarekin bat
Artisten artean, hainbat sektoretako izen ezagunak daude: Karlos Argiñano, Pedro Subijana eta Alberto Chicote sukaldariak, besteak beste; Iñigo Manterola, Jou Morales eta Claudio Munoa bitxigileak; Agatha Ruiz de la Prada eta Maria Lafuente diseinatzaileak, eta beste asko. Elena Arzak sukaldariak bere diseinua erabakitzen ari dela aitortu du: “Txundituta nago besteek egin dituzten lanekin, zail jarri didazue”, esan du Arzakek.
Amagoia Etxeberria diseinatzaile amezketarra izan da botilaren diseinua eman duen lehenengoetako bat. Gaur Maria Cristina hotelean izan da, proiektuaren aurkezpenean. “Ardo beltz botila honetan argi eta garbi ikusi nituen emakume baten kurbak, eta burua egin eta janztea pentsatu nuen”, aitortu du Etxeberriak. Arrosa kolore itzali bat erabili duela kontatu du, ardoaren lehen matrizea delako, eta zilarra, “gauza bakarraren irudikapen gisa”.