Bretxako urbanizazio lanak San Tomas eguna baino lehen bukatuko dituzte
Bretxako Arrandegi eraikinaren ingurua urbanizatzeko lanak irailaren 1etik abenduaren 1era bitartean egitea aurreikusi du Donostiako Udalak. Lanak bukatu ondoren, obrak jasotzeko izapidea egingo da, inguru berritua San Tomas eguna baino lehen estreinatzeko helburuarekin. Aurreikuspen horrekin ari da lanean udala Iñigo eta Aldamar kaleetako bideak eta espaloiak eta Arrandegi eta Arkuak eraikinen artean dagoen plaza egokitzeko.
Gogoratu behar da Bretxako zati baten kudeaketa Baika enpresarena zela orain arte, emakida bidez —Odon Elorza alkate zen garaian atera zen merkatuaren kudeaketa emakidara—. Donostiako Udalak 2018. urtean onartu zuen Parte Zaharreko eremu horren plan berezia, hainbat lan aurreikusten zituena, eta atzerapenak bata bestearen atzetik pilatu ditu Baikak. Horrela, EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak eta EH Bilduren udal taldeak Bretxako Merkatuaren emakida kontratua bertan behera uztea adostu zuten otsailean, eta EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordio bat sinatu dute berriki, Bretxako Arrandegi eta Arkuak eraikinen kudeaketa publikoa izan dadin.
Urbanizazioari dagokionez, aldaketarik handienak Aldamar kalean egingo dira, batez ere Iñigo kalearen eta Bulebarreko bidegurutzearen arteko 180 metroko luzeran. Arrandegi eraikinaren erabilera berriek (osasun zentroa, etorkizuneko merkatua eta kiroldegiko kantxa) oinezkoentzako bidea hobetzea ere ekarriko dute. Espaloiak 2,9 metroko zabaleratik 4,3 metroko zabalera izatera igaroko dira. Aparkatzeko errenkadak ez ezik, hegoaldeko txorkoak ere kenduko dituzte. Zirkulaziorako errei bakarra egongo da, 4,7 metroko zabalera izatetik 3,8 metroko zabalera izatera igaroko dena, eta galtzada osoa berriz asfaltatuko da. Eskuinaldean, Arrandegiaren ondoan, 2,35 metroko ilara egingo dute zamalanetarako, eta anbulantzientzako espazio bat ere bai.