Kaleko Afari Solidarioak izango da aurtengo Matti
'Jalgi belak mastara, eta euskara plazara!' lelopean ospatuko dute Donostiako Aste Nagusi Pirata, abuztuaren 10etik 18ra.
22. Aste Nagusi Pirata aurkeztu dute gaur Donostiako kaian, eta urtero bezala, kofradiakideak, txalekorik gabeko eskifaia zein komunitatea osatzen duten gainerako kide eta boluntarioek alboan izango dituzte Ezkila Kapitaina eta Matti laguntzailea. Aurtengo Matti Kaleko Afari Solidarioak izango dela jakinarazi dute: “Gure hirian baliabiderik ez duten pertsonei afariak prestatzeko eta banatzeko elkarturiko boluntario taldea da honakoa, eta zailtasunak zailtasun, instituzioen arduragabekeriaren aurrean, berrehundik gora otordu banatzen dituzte egunero, hiriko hiru puntu desberdinetan. Gurean bezala, eraldaketa baten aldeko borrokak, herritarraren premiak erdigunean jartzeko nahiak eta, noski, auzolanak egiten dute posible haien jarduna. Doakiela, beraz, gure aitortza publiko eta zintzoa”.
Irati Gastesik eta Alai Krusek eman dituzte Aste Nagusi Piratari buruzko xehetasunak. Abuztuaren 10etik 18ra elkartuko dira aurten jai herrikoi eta parte hartzaileak ospatzeko, Jalgi belak mastara, eta euskara plazara! lelopean. Izan ere, azken boladan asko hitz egin da euskalgintzaren aurkako oldarraldiaz, eta horren aurrean, leloaren bidez, argi utzi nahi dute Piratena euskararen plaza dela. Festa euskalduna eta euskaltzalea egingo dutela beste urte batez eta, edozein oldarraldiren aurrean, euskararekin bat egingo dutela.
Zortzi egunetan askotariko jarduerak egingo dituzte Flamenkan zein Donostiako beste zenbait txokotan: bertso saioak, kalejirak, kuadrilen arteko jolasak, play-back lehiaketa, bizifesta, azoka, herri bazkariak, eta beste. Gainera, Piraten mugimenduaren ikur bilakatu den abordatzea abuztuaren 12an izango da, eta hilaren hasieran zabalduko dute izen ematea.
“Haurrek ere izango dute aukera partxea jantzi eta pirata sentitzeko, hainbat egunetan haiei bereziki eskainitako ekintzak izango baitituzte: ur-jolasak, hockey tailerra eta abordatze txikia, besteak beste”, azaldu dute.
Kontzertu eskaintza zabala
Flamenka eta Trinitate Plazako guneetako gauak girotuko dituen musika eskaintza zabala ere prestatu dute Piratek. Urtero egin ohi duten bezala, tokiko musikariei lehentasuna emanaz, programazio plurala, euskalduna eta feminista osatu dute: Flamenka osoa dantzan ipiniko duen Akerbeltz erromeria; Bele, Hofe x 4:40, Bulego eta Belako taldeen ahots gazteak; Tremenda Jauria, Sara Socas, edota Albina Stardust eta Divina Comediaren eszenaratze apurtzaileak; La Fulana, Dj Pezon eta Dj Azkuraren emanaldiak; Los Zopilotes Txirriaos zein Juantxo Skalari eta Rude Bandaren melodia aski ezagunak; edota Nakar, Burutik eta Pelax taldeen doinu gogorragoak.
Trinitate Plazak iluntzeetan eskaini ohi duen kultur proposamenak osatuko du zerrenda, “eskaintza txikiagoen zale diren piraten gotorleku bilakatzeko xedez”. Besteak beste, Rukula, Rüdiger eta Vincent Bestaven, Andoni Oilokiegi, Eraul edo La Jodedera taldeak igaroko dira bertatik.
Lantalde Feminista, prest
Aurten ere Piraten Lantalde Feminista martxan da, eta “aurreko urteetan hartutako lan ildoetan sakontzen” jarraitzeko lanean ari direla nabarmendu dute. “Piratok garbi daukagu erasorik gabeko festa eta hiria nahi ditugula jaietan ere, eta horien erantzuteko prest gaude. Bide horretan, kaian erasoak salatzeko puntu morea jarriko dugu eta, bertan salaketa egiteaz gain, beharko lukeenari, Bulebarreko artatze gunera akonpainamendua egingo zaio”, azaldu du Gastesik.
Azaldu dutenez, aurten ere udalak Bulebarrean Emagin elkarteak kudeatutako artatze gunea jarriko du, behar duenari lehen arreta emateko. “Aurten, gune horren ordutegia mantentzea lortu da. Zehazki, egunean 21 orduz egongo da zabalik, 13:00etatik 10:00ak arte. Ordea, puntu gehiago jartzeko eskatu dute Piratek: “Hala ere, Donostiako Piraten lantalde feministatik garbi ikusten dugu ez dela nahikoa hiri guztiko erasoak puntu bakar batean artatzearekin, eta hirian zehar puntu gehiago jartzeko eskaeran berresten gara”.
Bestalde, abuztuaren 13an, asteartean, jai gunea hartuko dute feministek: “Gure egitarauaren bidez, jai gunea hartzearen apustua egin dugu, ertzetan kokatzen garen disidenteok jaiaz goza dezagun. Horren erakusle izango dira, besteak beste, kalejira aldarrikatzaile transfeminista eta gaueko eskaintza”.
Azkenik, adierazi dute zoritxarrez erasoak egongo direla espero dutela. Horregatik, abuztuaren 17an, 20:00etan, Flamenkan, horiek salatzeko elkarretaratzea egingo dute, eta parte hartzera deitu dituzte Pirata zein herritar guztiak.
Egitarau zehatza ez dute oraindik zabaldu, baina laster jakinaraziko dutela azaldu dute.